Josean Bengoetxea, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hormaza antzezle ezagunak  arituko dira eskenatokian

“Idiot Txou” lanaren estreinaldiak  zabalduko du Ordizian “Antzerki garaia” programazioaren hoigeitahirugarren edizioa, ostirala honetan, hilaren 13ean, gaueko 22:15ean. “Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Josean Bengoetxea, Dorleta Urretabizkaia eta Asier Hormaza antzezle ezagunak  arituko dira eskenatokian, Garbi Losada zuzendaritzapean.

Gaurkotasunaren umorezko analisia egiten duen komedia bat dugu “Idiot Txou” lana, zuzeneko irratsaio bat aitzakitzat harturik. Umorea abiapuntutzat, hainbat pertsonaien gora beherak kontatuko dira eskenatokian gaurkotasuneko berriei errepaso bat ematearekin batera, inprobisaziorako tarterik ere izango da, gori-gorian egongo diren albiste berriak ezagutzeko beta ere bai eta baita ikusleekin hartu-emana izateko ere.

Ikuskizunak testu bizi eta aldakorra du (unean-uneko albisteen eta emanaldia gauzatuko den herrialdearen araberakoa), herri eta hiri bakoitzeko gai eta arazo konkretuei lotuko baizaio testua. Ikusleekin ere zuzeneko hartu-emana izango du: inprobisazio eta erantzun gaitasuna izango dira ikuskizunaren euskarria.

Dekoratua agertokian ipiniko den irratiko plato bat da (entzuleen deiak jasoko dituen zuzeneko irratsaioa), teletestudun pantaila bat ere izango du, gori-gorian izango diren berriak gertatu ahala bertan azalduko direlarik.

 

Bi esatarik (Hormaza eta Urretabizkaia) eta teknikari batek (Bengoetxea) zuzeneko irratsaio bat egingo dute antzokitik zuzenean. Irratsaioak audientzia arazo larriak izango ditu, entzuleek apenas deitzen dute... Baina hala eta guztiz ere, gure protagonistek entretenimendurako tarte bat izatea nahiko dute, arazorik gabe, audientzia lortu eta kaleratzea saihestuko diena… Baina inortxok ere deituko ez duenez, aukera bakarra geratuko zaie: antzokiko ikusleekin hartu-emana izan eta entzule faltsuen rolak hartuaz deiak jasotzen ari diren itxurak egitea, betetze lanetarako sikiera...

 

Eta entzule berri baten plantak egingo dituzten bakoitzean edukiak pikutara joango zaizkie eta kaosa etorriko da, egungo albisteen inguruan umorezko kritika egiten amaituaz. Purrustadak biderkatu egingo dira, eta deskalabrua ere bai.

Gidoiak momentuan indarrean egongo diren albiste eta gaiak barneratu ahal izateko egitura mugikor bat izango du, ikuslearekin interakzioa izan eta inprobisazioaz baliatuaz.

Antzerkiarekin hitzordua ostirala honetan, gaueko 22:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak aldez aurretik Barrena Kultur Etxean salgai.