ORDIZIAKO UDALAK VICTOR MENDIZABALEN IV. IKERKETA BEKARAKO DEIALDIA ZABALDU DU
Lan proposamenak aurkezteko epea otsailaren 28an bukatzen da
Ordiziako Udaleko Kultura sailak, Victor Mendizabal fundazioaren bidez “Victor Mendizabal–Ordizia” IV. ikerketa Bekarako deialdia egin du. Bekak kultura eta hezkuntza arloa sustatzea du helburu, eta Ordiziari buruzko ikerketak bultzatzea. Beka deialdia bi urtetik behin egiten da.
Victor Mendizabal Gorostizu ordiziarraren izena Argentinako Euskal Etxeak zituen proiektuetan murgilduta azaltzen da, XX. mendearen hasieran. Ardura oso garrantzitsuak bete zituen Mendizabalek, Pedro Albaiterorekin batera: sortu nahi zituzten eskoletarako, nola neskentzat hala mutikoentzak ere, erakunde erligiosoak bilatzea. 1905ean Angleteko “Siervas de Maria” kongregazioarekin, Llavallolen, sortuko zuten nesken eskolaren kudeaketarako kontratua sinatu zuten. 1908ko otsailaren 1ean, Pedro Albaiterok eta berak, Lekarozko Kaputxinoekin sinatutako kontratua bidali zioten Buenos Aireseko Euskal Etxeko presidenteari, Errecaborde jaunari. Kongregazio honen esku utziko da mutilentzat sortuko den eskolaren kudeaketa.
1943an bere izena daraman fundazioa sortu zuen, ”Victor Mendizábal Fundazioa”. Honen ardura, Notario aurrean eginiko eskritura bidez, Villafrancako Udalari eman zion, egun Ordizia.
Mendizabalek gazteen artean ikaskuntza eta aurrezpena ere sustatu nahi zituen eta Fundazioaren diruarekin, eskolan emaitza onak zituzten mutikoen artean 200 pezetako 10 sari banatzeko helburua ezarri zuen. Hamar urteren behin emateko 1.000 pezetako sari bat ere jarri zuen, azken hamar urteetan saritutako mutil bati emango zitzaiona. Saritutako guztiek osatzen zuten epaimahaia.
Fundazioaren baitan sortu zen baita Laguntasuna Errondaila eta gerotik bi literatur sari ere eman ditu.
Erakundearen oinarri ekonomikoa Mendizabalek garaiko konpainia elektrikoari (egun Iberdrola) erositako akzioak dira. Akzio horietatik ateratako etekina da sariak emateko erabil daitekeena. Akzioak ezin dira saldu.
Ordizia eta bertako jendea
IV. Ikerketa bekaren helburua natur, giza eta gizarte zientzien arloan, ikerketarako ohitura sustatzea da. Ikerketaren muina edozein izan daiteke, ardatz nagusia Ordizia eta bertako jendea dela kontuan izanda. Lanak ikertzeko modukoak izan daitezkeen arlo eta gaietara egongo dira zabalik: Historia, Artea, Ondarea, Arkeologia, Geografia, Ekonomia, Soziologia, Etnologia, Hizkuntza, Literatura, Folklorea, Turismoa, Abeltzaintza, Industria, Biologia, Ingurumena… etab.
Bekaren iraupena 12 hilabetekoa izango da eta 7.000 euro banatuko dira.
Bekara bakarrik nahiz taldeka aurkez daiteke. Taldea aurkeztuz gero (identitate juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldea), Zuzendaritza arduradun bat hautatu beharko da. Ikerketa lana originala eta bakarra izan behar du.
Eskaerak otsailaren 28ra arte aurkez daitezke. Horrekin batera, proiektuaren oinarrizko gida-lerroa, metodologia eta unitate analitikoak, eta lana zein hizkuntzetan aurkeztuko den zehaztuz ikerketa proiektuaren Memoria-Sintesia aurkeztuko da (gehienez 20 folio). Ondorengo lanaren luzera gutxienez 100 orrikoa izango da.
Ordiziako Udaleko Kultura Sailak hautatuko du epaimahaia.
Interesa duten pertsonek Udaleko webgunean informazio gehiago izango dute (www.ordizia.eus) edo 943-805630 telefonora deituta. (Kultura saila).
OINARRIAK IKUSTEKO SAKATU HEMEN
EMANDAKO BEKAK
2010 I Beka- Jon Ander Ramos Martínez eta Marcelino Irianni Zalacain : “Victor Mendizabal, un faro en la tormenta” (Argitaratuta)
2012 II Beka - Adur Ezenarro Agirre: “Domingo Unanue (1901-1985), arkitektoa” (Lana argitaratzeko zain)
2014 III. Beka - Nerea Iraola Garmendia, David Cano Becerro eta Ion Ander Arcelus Garcia: “Ordiziako hiribildua eta Azoka, bostehun urte elkarrekin” (Behin betiko lanaren aurkezpenaren zain)