Agintariak eta antolatzaileak aurkezpeneanAHOZ AHO Jaialdiak hamar urte

Gaur goizean Koldo Mitxelena Kulturunean aurtengo Ahoz Aho Jaialdiaren berri eman da. Nuria Carbonell eta Joseba Aranburu, Tolosako eta Ordiziako kultur zinegotziek euren herrientzat halako jaialdiaren garrantzia eta kultur eskaintzaren interesgarritasuna aipatu dute eta Maria Jose Telleria Foru Aldundiko Kultur Zuzendari Nagusiak ere horrelako ekitaldien beharra aipatu du Aldundiaren laguntza eskainiz horrelako ekitaldiak bere lekua izan dezaten Gipuzkoan.

Jaialdiaren aurkezpenean Joxe Mari Carrere eta May Gorostiaga kontalariak hartu dute hitza. Azken hamar urtetan bezala, aurtengo martxoan Tolosan eta Ordizian AHOZ AHO Ahozkotasunaren Nazioarteko jaialdia iragartzen da. Intujai Teatroa taldeak, Gipuzkoako bi  udalen laguntzarekin, Euskal Herrian dagoen ahozko narrazioaren jaialdi bakanetakoa antolatzen du eta aurten, hamargarren edizioa izanik, ospakizun berezia egin nahi dute, horretarako egitaraua ohiko baino zabalagoa eta bereziagoa atonduz. AHOZ AHO jaialdia euskal kontagintzan erreferentea bihurtu da urte hauetan eta nazioarteko zein bertako kontalari profesionalak ekartzeaz gain,  ipuinak kontatzearen zaletasuna dutenek ere beren espazio izan dute, profesionaltasuna eta zaletasuna jardun beraren bi zutabeak baitira antolatzaileen ustetan.

Aurtengo jaialdian lehen aldia parte hartuko duten kontalariekin batera urte guzti hauetan partaide izandako batzuk ere gonbidatu dituzte. Guztira 26 artista izango dira parte hartuko dutenak, horietatik 8 kanpotik etorritakoak eta 18 Euskal Herrikoak, guztira 30 ikuskizun programatuko direla Tolosa eta Ordizia artean. Horrez gain, Ahozkotasunaren bi Gala handi, kontaketa bi ikastaro, hitzaldiak eta kontaketa lehiaketa. Jaialdiaren urteurrena ospatzeko aparteko ekitaldiak iragarri dituzte, horien artean garrantzitsuena Martxoaren 25ean egingo den Euskal Narratzaileen Topaketa.  Goizean euskal kontalaritza izango dute hizpide May Gorostiaga, Koldo Amestoy, Juan Kruz Igerabide, Joxemari Carrere eta Leire Diaz de Gereñu hizlariek, kontagintzaren eta ahozkotasunaren arlo ezberdinak jorratuko dituztelarik. Topaketa honetan ahalik eta kontalari zein zaletu gehien elkartu nahi dituzte euskal kontalaritzaren nolabaiteko diagnosia egin asmoz. Arratsalde partean “Urrezko Kalabaza Sariak, banatuko dituzte lehen aldiz, hamar urte hauetan jaialdiarekin zerikusirik izan duten pertsonak omenduz. Antolatzaileen esanetan hamar urte hauetan ahozkotasunaren arlo ezberdinak jorratzen dituzten 170 artistak parte hartu du, 30 herrialde ezberdinetik etorriak. Aurtengo jaialdian guzti hori ekarri nahi dute gogora Intujai Teatro taldeko antolatzaileek, eta egindako bideaz eskertu laguntzaile izan duten guztiak, Tolosa eta Ordiziako udalak zein lagun zerrenda luzea.

Bestalde jaialdiarekin batera aurten bosgarren aldiz Ipuin Narrazio Lehiaketa antolatu dute Ordizian. Nahi duen oro izena eman dezake eta finalistak gertatutakoak Ahozkotasunaren Gala handian parte hartzeko aukera izango dute. Halako lehiaketa bakarra egiten da Euskal Herrian eta gero eta jende gehiago parte hartzen du, kontalari saiatuak zein hasi berriak.

Antolatzaileek ilusio handia dute aurtengo jaialdiarekin eta beren ustetan aro berri batean sartuko da, euskal kontalaritzari bultzada garrantzitsua emanez.

EGITARAUA IKUSTEKO SAKATU HEMEN

ARTISTAK ETA LANEN SIPNOSIAK