TXALO PRODUKZIOAK “JAINKO BASATIA” ANTZEZLANA ESKAINIKO DU.
Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Andoni Agirregomezkortaeta etaTessa Andonegi dira lan honen protagonistak
Ostirala honetan, hilaren 17an, gaueko 10:15ean, Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren hirugarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Txalo Produkzioak aurkeztuko duen "Jainko basatia” lanarekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.
Yasmina Reza idazle frantziarraren ‘Le Dieu du Carnage’ antzezlanaren euskarazko bertsioa antzeztuko dute ostiralean, gaueko 10:15ean Herri Antzokian, Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Andoni Agirregomezkorta eta Tessa Andonegi antzezleek. ‘Jainko basatia’ “komedia dramatikoa” da.
Frantzian ez ezik Londonen, New Yorken eta ‘Un dios salvaje’ tituluarekin Espainiako agertokietan ospea bereganatu duen antzerki-lanak, bi bikote ezkonduren arteko gorabeherak jartzen ditu agerian. Izan ere, senar-emazteek euren seme-alaben artean izandako liskarra konpondu nahi dute. Bi bikoteen arteko solasaldia giza-legez eta edukazio handiz abiatuko da, baina bilerak beste norabide bat hartuko du elkarri kristonak eta bi esaten hasten direnean.
Agertokian azalduko diren pertsonaiek ezkutuko komedia bat egiten dute Begoña Bilbao zuzendariaren esanetan. Hasieran dena ondo doa, baina alkoholaren eragina nabarmentzen denean zuzentasuna alde batera uzten dute eta bakoitzaren alde basatia azaltzen da. Ane, (Aitziber Garmendia) Alexen emaztea da eta banku baten egiten du lan. Emakume lasaia dirudi, baketsua, alkoholaren aparretan murgiltzen den arte. Alex (Mikel Losada) arrakasta handiko abokatu gaztea da, zintzoa, burlatia, zuzena eta mugikorrik izan ezean, galduta dabilen horietakoa. Manu (Andoni Agirregomezkorta) Veronikaren senarra da. Burdingilea, gizon lasaia eta emaztearen gonapean bizi dena, bileran zehar lehertzen den arte. Emaztearen kontra egingo du bere alderdi ilun eta arranguratsuak erakutsiz. Veronika (Tessa Andonegi) kultura handiko etxekoandre aurrerakoia da. Tragu pare bat hartuz gero itxuraldatu eta erresumindu egiten da, bere frustrazio guztiak azaleratuz.
Agus Perez, kritikariak segidakoa aipatu du lanaren inguruan: “lau antzezle ezagunek eman diete bizia hasieran eztabaidan eta gero elkarri mokoka egon diren gurasoei, baina ez pentsa bikoteka ibili direla denbora guztian, argumentuak erloju-bonba baten antzera funtzionatu baitu eta une batetik aurrera bikote bakoitzaren trapu zikinak ere azaleratu baitira, betiere umore handiz eta une barregarri asko sorraraziz”
Txalo azken lana ostirala honetan gaueko 10:15ean Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxean.