VICTOR MENDIZABALEN IV. IKERKETA BEKARAKO DEIALDIA
Aurkezteko epea otsailaren 28an bukatuko da
Ordiziako Udaleko Kultura sailak, Victor Mendizabal fundazioaren bidez “Victor Mendizabal–Ordizia” IV. ikerketa Bekarako deialdia egin du. Bekak kultura eta hezkuntza arloa sustatzea du helburu, eta Ordiziari buruzko ikerketak bultzatzea. Beka deialdia bi urtetik behin egiten da.
IV. Ikerketa bekaren helburua natur, giza eta gizarte zientzien arloan, ikerketarako ohitura sustatzea da. Ikerketaren muina edozein izan daiteke, ardatz nagusia Ordizia eta bertako jendea dela kontuan izanda. Lanak ikertzeko modukoak izan daitezkeen arlo eta gaietara egongo dira zabalik: Historia, Artea, Ondarea, Arkeologia, Geografia, Ekonomia, Soziologia, Etnologia, Hizkuntza, Literatura, Folklorea, Turismoa, Abeltzaintza, Industria, Biologia, Ingurumena… etab.
Bekaren iraupena 12 hilabetekoa izango da eta 7.000 euro banatuko dira.
Bekara bakarrik nahiz taldeka aurkez daiteke. Taldea aurkeztuz gero (identitate juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldea), Zuzendaritza arduradun bat hautatu beharko da. Ikerketa lana originala eta bakarra izan behar du.
Eskaerak otsailaren 28ra arte aurkez daitezke. Horrekin batera, proiektuaren oinarrizko gida-lerroa, metodologia eta unitate analitikoak, eta lana zein hizkuntzetan aurkeztuko den zehaztuz ikerketa proiektuaren Memoria-Sintesia aurkeztuko da (gehienez 20 folio). Ondorengo lanaren luzera gutxienez 100 orrikoa izango da.
Ordiziako Udaleko Kultura Sailak hautatuko du epaimahaia.
Interesa duten pertsonek Udaleko webgunean informazio gehiago izango dute (www.ordizia.eus) edo 943-805630 telefonora deituta. (Kultura saila).