ATE JOKA DA EUSKAL JAIETAKO APARTEKO AZOKA
Gazta lehiaketak bere XLIV edizioa ospatuko du
Asteazken honetan, irailaren 6an, Ordiziako Euskal Jaietako azoka berezia ospatuko da. Ohiko erakusketa eta lehiaketen artean, latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketa ospatuko da. Oraingo honetan ere, giro aparta izango da eta goiz osoan zehar era guztietako lehiaketak, erakusketak eta enkanteak ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Jaiaren berri eman dute Foru Aldundian, besteak beste, Xabier Arruti, Nekazaritza eta Landa Garapen Zuzendariak; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak; Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak; Miriam Molina, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerenteak eta Mikel Insausti, Kutxa Fundazioako Komunikazio arduradunak.
Irailaren aurreneko asteazkeneko azokan bestelako lehiaketak ere antolatu dira: Fruitu eta barazki-lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-azienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Aldi berean, hainbat erakusketa izango da: Perretxikoak, Euskal Oiloa eta nekazal tresneria eta makinaria.
ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO GAZTEN XLIV. LEHIAKETA
Lehiaketa herrikoi hau Beti – Alai pilotalekuan izango da. Izen eman duten artzainek Idiazabal Jatorrizko Izendapena edo Artzai Gazta elkarteetan aurkeztu beharko dituzte gaztak irailaren 4rako, 12:00ak baino lehen, orduan amaituko baita izen emateko epea.
Gaztak Ordiziako D’Elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan jasoko dira irailaren 6an; eta goizeko 9:15etan gaztak Beti Alai pilotalekura eramango dituzte dantzari, txistulari eta dultzaineroek sortutako giroan eta desfile bat egingo da artzain, agintari, epaimahaikide eta Kofradiako kideekin.
Lehiaketa, berez, goizeko 10:30etan hasiko da eta, Juan Mari Arzak lehendakari dela, hainbat sukaldarik, gastronomia-adituk eta kazetarik osatuko du epaimahaia. 13:30ak aldera jakingo dugu artzain irabazleak nor diren eta, ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da.
Aurrez, Ordiziako Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak, Tito Irazusta kazetariari aitortza egingo diote, Ordiziako Gazta Lehiaketaren zabalkundean eta epaimahaiean hainbat urtetan egindako lanagatik.
Beti-Alairen ondoko pilotaleku txikian, 2007. urteaz geroztik gazta-lehiaketan irabazle izan diren artzainen gaztak jarriko dira salgai.
FRUITU ETA BARAZKI-LEHIAKETA, PERRETXIKO ERAKUSKETA
Jose Migel Barandiaran Plazan ere izango da zer ikusia, bertan egingo baita fruitu eta barazki-lehiaketa eta perretxiko-erakusketa.
Sariak Barandiaran Plazan bertan banatuko dira, eta bertan izango da Baserritarren Postuen Aipamen Berezia ere, irailaren 6an, eguerdiko 12etan.
GIPUZKOAKO PIRINIAR ARRAZAKO BEHI-AZIENDA LEHIAKETA
Gipuzkoako piriniar arrazako behien lehiaketa Garagartza Plazan izango da. Herrialdeko abeltzainek bertako piriniar arrazako ganadua jarriko dute erakusgai. Lehiaketaz kanpo, idiskoen erakusketa ere izango da.
Aurten ere ganadu-lehiaketa herrialde mailakoa izango da, eta soilik piriniar arrazako ganaduena izango da. Sariak 13:00etan banatuko dira Garagartza Plazan, baita euskal oiloen lehiaketako sariak ere.
PLAZA NAGUSIKO BASERRITARREN POSTUEN AIPAMEN BEREZIA
EUSKAL OILOEN XXXVI. ERAKUSKETA- FERNANDO OROZCOREN OROIMENEZKO XIV. SARIA
Ordiziako Plaza Nagusian asteazkenero parte hartzen duten baserritarrei Aipamen Berezia egingo zaie. Ordiziako azokara leial etortzen diren baserritarren esfortzuari eman nahi zaio balioa Aipamenarekin.
Goen Plazan Oiloen XXXVI. lehiaketa-erakusketa / Fernando Orozcoren Oroimenezko XIV. Sarian honako arrazak aurkeztuko dira: marraduna, gorria, beltza, zilarra eta lepasoila.
AZOKA BEREZIKO BESTE POSTU BATZUK
Zuhaiztin (Arboleda), Beti Alai frontoiaren parean, Idiazabal Jatorrizko Izendapena duten gaztak ipiniko dituzte salgai, eta, gainera, Arabar Errioxako zenbait ardo-egileren postuak ere jarriko dira. Urdaneta, Santa Maria-Andre Maria eta gudarien Etorbidea kaleetan, berriz, eskuz egindako nekazaritzako elikagaien salmenta-postuak egongo dira; hala nola, ogia, taloak, eztia, euskal pastela, gozokiak... Artisautzari dagokionez, GABILTZA, Gipuzkoako artisau elkartearen salmenta-postuak ikusi ahal izango dira Beti Alai ondoko frontoi txikian. Ordizia kalean, berriz, nekazaritza makinen erakusketa ipiniko da.
URREZKO KUTXA GARAIKURRA-2017
Beste behin ere Urrezko Kutxa Garaikurra emango zaio azken 10 urteetan lehen postua hiru aldiz lortu duenari.
Saria banatu eta hurrengo urtetik aurrera, berriro hasiko gara denbora-tartea zenbatzen sari berri bat banatu ahal izateko.
2009. urtean irabazi zuen lehengo garaikurra Elgoibarko Jesus Ansolak eta 2013an Ricardo Remiro Eulateko artzaiak lortu zuen.
ORDIZIAKO GAZTA LEHIAKETAKO AZKENEKO HAMAR IRABAZLEAK
2006 J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
2007 Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)
2008 Rikardo Remiro (Eulate)
2009 Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)
2010 J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
2011 Rikardo Remiro ( Eulate)
2012 Jon Etxebarria (Zeanuri)
2013 Ricardo Remiro (Eulate)
2014 Karmele Murua (Segura)
2015 Jon Etxebarria (Zeanuri)
2016 Joseba Insausti (Ordizia)
ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO GAZTEN XLIV. LEHIAKETA
Ordiziako Udalak Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten lehiaketa antolatu du aurten ere, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin eta Idiazabal Jatorrizko Izendapenarekin elkarlanean. Datorren asteazkenean izango da, irailaren 6an alegia. Goizeko 10:30etan hasiko da lehiaketa, Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan.
EPAIMAHAIA
Epaimahaia, besteak beste, gastronomia arloko jende ezagunak, kritikariek eta Idiazabal gaztaren inguruko kontuetan adituak direnek osatuko dute. Mahai bakoitzean honako kideak egongo dira: sukaldari bat, kazetari bat eta Idiazabal Gaztetan aditua den teknikari bat.
LEHENDAKARIAJuanmari Arzak
TEKNIKARIAK
Joserra Agiriano Barrón, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria
Jesus Oleaga, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria
Marta Albisu Aguado, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria
Patxi Pérez Elortondo, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria
Jesús Salmeron Egea, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria
Marisol Vicente, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria
Inaxio Abezia, Idiazabal Jatorri izendapeneko teknikaria
SUKALDARIAK
Martín Berasategui, “Martín Berasategui “ Jatetxea, Lasarte
Hilario Arbelaitz, “Zuberoa” “ Jatetxea, Oiartzun
Pedro Subijana, “Akelarre” “ Jatetxea, Donostia
Elena Arzak, “Arzak” “ Jatetxea,Donostia
David Yarnoz, “ Molino de Urdániz “ Jatetxea, Urdániz (Nafarroa)
Matías Gorrotxategi, “Casa Julian”, Tolosa
Ruben Trincado, “Mirador de Ulia” Jatetxea, Donostia
Ander Gonzalez, “Astelena” Jatetxea, Donostia
Zigor Iturrieta, Sukaldaria eta EITBko aurkezlea
Aizpea Oihaneder, “Xarma” Jatetxea, Donostia
KAZETARIAK
Mikel Zeberio, Kazetari Gastronomoa "PETRA MORA/ BCC “
Oraitz Gartzia Recondo, “DIARIO VASCO“ Kazetaria
Mitxel Ezkiaga, “DIARIO VASCO“ kazetaria
David de Jorge, Gastronomia aholkularia eta Telebistako aurkezlea
Josema Azpeitia, “Ondo Jan” gidako zuzendaria
GONBIDATUAK
Joxe Mari Aizega , “Basque Culinary Center” Zuzendaria
Ramon Roteta, “Euskal Sukaldaritza Berria” sustatzaileen ordezkaria
Luis de Lezama, “Grupo Lezama” Jatetxeak
SARI APARTAK
Gazta-lehiaketak lortu duen maila ikusita eta eskuz egindako Idiazabal gaztari dagokionez protagonista nagusiak artzainak direla aitortzeko hauek dira banatuko diren diru-sariak:
LEHEN SARIA: 1.550 euro - KUTXAren garaikurra – 12.000 etiketa esaldi honekin: ORDIZIAKO TXAPELDUNA, ARTZAIAREN IZENA eta URTEA eta Diploma
BIGARREN SARIA: 750 euro, ORDIZIAKO UDALAren GARAIKURRA eta Diploma
HIRUGARREN SARIA: 430 euro, ORDIZIAKO UDALAren GARAIKURRA eta Diploma
LAUGARREN SARIA: 210 euro eta Diploma
BOSGARREN SARIA: 180 euro eta diploma
ENKANTEA
Ordubata terdik aldera eta gazta lehiaketaren sailkapena ezagutu ondoren gazta irabazlearen enkantea egiten da. Enkantea da, ezbairik gabe, azoka bereziaren unerik ikusgarrienetako bat.
Enkantean jasotakoa Ordiziako San Jose Egoitzak jasoko du.
EUSKAL JAIETAKO AZOKA BEREZIA – HISTORIA LABURRA
Ordiziako lehenengo azokak San Bartolomé (XI-XII m.) baselizaren inguruan egin ziren, orduko garaiko ordiziarrak eta ingurukoak elkartzeko tokia zen. Orduko lehen merkataritza-topaketak finkatu eta arautu egin ziren Ordiziako gunea Hiribildu bihurtu zenean eta Ordiziak Gasteizko Forua lortu zuenean.
1268an Ordiziako hiribilduak Gasteizko Forua lortu zuen, beste pribilegio batzuen artean, altxor publikoari ezer ordaindu gabe, herritarrek funts-ondasunak saldu, erosi edota izateko erabateko ahalmena zutelako.
1512ko maiatzaren 15ean Joana erreginak asteazkenetan azoka frankoa egiteko
errege-baimena eman zion Ordiziari, azokaren bidez herria berreraikitzen laguntzeko, izan ere, urte horretako martxoaren 18an izan zen suteak herria hondatu baitzuen. Hala ere, ziurrenik, lehenagokoa izango da azoka hori.
1614an, San Bartolome egunez urtero azoka berezia egiteko eskumena eman zion erregeak eta, gerora, azoka egun hori irailaren 8ra aldatu zen. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Jaietako egungo Azoka Bereziaren jatorria.
Euskal Jai hauen ospakizunei buruzko erreferentzia ugari dago; adibidez, 1904an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hiribilduko Udalak antolatu zituzten eta hainbat lehiaketa egin ziren jai haien barnean: txahalak, bertako eta kanpoko zezenak, zaldiak eta astoak, txerriak, untxiak, bertako nekazaritza-produktuak –gurina, eztia, argizaria, sagarrak, madariak, gazta–, nekazaritzarako makinak, etab. 2004 urtean festa hauen lehen urteurrena ospatu zenez Ordiziako Udalak jatorria ikertu zuen.
Jai hauen iturburua Anton Abaddia zientzialari eta bidaiari nekaezinak antolatzen zituenetan aurki dezakegu; izan ere, gizon hori ekintza hauetan ere aritzen zen, euskara eta euskal kanten azterketan aritzeaz gain. Abaddia jaunak 1853an Urruñan Euskal Jaiak bultzatu zituen, eta euskal izaeraren hainbat alderdi azaleratzen ziren jai horietan.
1904an Ordizian egin ziren Euskal Jaiei dagokienez, historiak garrantzitsutzat jo zituen, eta Batzorde Berezia sortu zuten garai hartako alkateak, Salustiano Iturriozek, eta beste hainbat pertsonak. Herriko kaleak eta udaletxea apaindu zituzten eta Euskal Jaien bizkarrezurra osatu zuten, gaur egun oraindik ere irauten duten zenbait ekitaldirekin.
Asteazkenero egiten diren “ohiko” azokez gain eta ostiralekoaz gain, urtero azoka bereziak antolatzen dira, azpimarratzeko modukoak honakoak: Gabonetako ez-ohiko azoka, Artzain Eguna, Arabar Errioxako ardo azoka, Erdi Aroko azoka, Artisaualdia…
ARDI LATXAREN EDO KARRANTZAKOAREN ESNE GORDINEZ EGINDAKO
GAZTEN LEHIAKETAREN HISTORIA
Badakigu iraileko azoka berezian gazta-lehiaketa antolatzen dela 1904. urtetik gutxienez. Urte horretan, Euskal Jaietan bertako ardi-gaztaren lehiaketa egin zen eta hauexek izan ziren lehiaketa haren emaitzak:
1. Francisco Mª Muñoz (Zerain). Saria: 30 pezeta
2. Martin Jose Irastortza (Zaldibia). Saria: 20 pezeta
3. Jose Antonio Elortza (Idiazabal). Saria: 10 pezeta
Gaur egun izaten den gazta-lehiaketa 60ko hamarkadan hasi zen eta, orain arte, urtero antolatu izan da.
Horrela, 1962ko irailaren 5ean, Euskal Jaietan izan zen gazta-lehiaketaren berri eman zuten egunkariek eta hauexek izan ziren urte hartako emaitzak:
1. Santos Lopez, Okondogoienakoa (Araba) 250 pta.
2. Indalecio Martinez, Araiakoa (Araba) 100 pta.
3. Martin Martinez, Araiakoa (Araba) 100 pta.
4. Jose Mª Oyarbide, Urbasakoa (Nafarroa) 100 pta.
1964az geroztik, Kutxak babesten du lehiaketa.
1972an hogei artzainek parte hartu zuten.
1973an irabazlea Juan Aldasoro zegamarra (Aizkorri – Sancti Spiritu) izan zen eta 3.000 pezeta eta Kutxaren garaikurra jaso zituen.
1974an gazta-lehiaketaren araudia idatzi zen eta honako izena eman zitzaion: LATXA ARDIAREN ESNEZ ARTZAINEK EGINDAKO GAZTEN I. LEHIAKETA.
Urte horietan guztietan, epaimahaia hiribilduko gastronomia elkarteetako bi ordezkarik eta ardi-gazta kontuetan adituak ziren bi pertsonek osatu zuten, Jose Castillo eta Jose Maria Busca Isasiren gidaritzapean.
1980ko irailaren 10ean, VII. lehiaketan, EUSKAL SUKALDARITZA BERRIARENsortzaileek hartu zuten parte epaimahaian: Juan Mª Arzakek, Pedro Subijanak, Karlos Argiñanok, Jose Juan Castillok; horiekin eta gastronomia-elkarteetako ordezkariekin batera, epaimahaian CAMBIO 16 aldizkariko Xavier Domingo kazetariak ere hartu zuen parte. Urte horretan berrikuntza nabarmen eta garrantzitsu bat izan zen: gazta erdia ENKANTEAN saldu zen (bildutako dirua Ordiziako Zaharren Egoitzarentzat izan zen). Lehenengo enkantean, Arzakek 12.000 pezetaren truke erosi zuen Jose Antonio Etxabe Barandiaran zaldibiarrak (Aralar-Konporta) egindako gaztaren erdia. Arrakasta handia izan zuen enkanteak.
1990eko irailaren 4an Idiazabal Gaztaren Kofradia osatu zen, “latxa ardiaren gazta-lehiaketa garatu eta sustatzeko” helburuz. Izugarrizko eragina izan zuen gertakari hark lehiaketaren etorkizunean, une horretatik aurrera, Ordiziako Udalaren jarraibideak betez, Kofradia bera arduratu baita lehiaketa antolatzeaz.
1992an Juan Mª Arzak izendatu zuten Gazta-Lehiaketako Epaimahaiko Presidente.
2000. urtetik aurrera, lehiaketan parte hartzen duten gazten jatorria ongi ziurtatzen bazen ere (irabazten duen gaztaren analisia, egilea artzaina dela erakusten duen ziurtagiria…), gazta-lehiaketak aldaketa nabarmenak izan zituen, lehiaketan parte hartzen duten gazten jatorriari buruzko bermea indartu nahian.
Oinarri berrietan baldintza zehatzagoak ezarri ziren eta, horien artean, hauexek nabarmenduko ditugu:
1. Lehiaketan parte hartu nahi duten artzainek aldez aurretik eman behar dute izena.
2. Gaztek KASEINA-PLAKA eduki behar dute
3. Artaldeek gutxienez 100 ardi izan behar dituzte eta soilik latxa arrazako ardiak onartuko dira bertan.
4. Nekazaritzako Gizarte-Segurantzan alta emanda egon behar dute parte hartzen duten artzainek.
5. Halaber, artzainek, gazta egiteko OSASUN ERREGISTROAN titular izan behar dute.
6. Epaimahaia 21 pertsonak osatuko dute, eta zazpi mahaitan banatuko dira. Mahai bakoitzean hiru epaimahaikide egongo dira: TEKNIKARIA, KAZETARIA eta SUKALDARIA.
Aurtengoan ondorengo artikulua erantsi da, AZTIk garatutako kontrol teknika berria dela:
Antolakuntzak, beharrezkoa ikusiko balu, lehiaketara aurkeztutako gazten DNA froga edo bestelakoak egiteko eskaera egin dezake, Idiazabal Jatorri izendapenaren kontrolpetik kanpo egonez gero.
Parte-hartzaileak 50-60 artean izaten dira. 1991n hautsi zen errekorra: 109 artzainek parte hartu zuten. Irabazlea Martin Jose Eizmendi Iza izan zen.
1980an Juan Mª Arzakek 12.000 pezeta ordaindu zituenetik Larzabal Jatetxeak 2000. urtean 550.000 pezeta ordaindu zituenera, enkanteak izugarrizko bilakaera izan du; 1986an Sebastian AZPIRIk 115.000 pezeta ordaindu zituen; 1991n Egosarri jatetxeak, 360.000 pezeta; eta 2000. urtean Larzabal jatetxeak 550.000 pezeta. 2002. urtean 4.100 euro (682.000 pezeta) ordaindu zituen Uranga margolariak. 2003. urtean, berriz, 5.100 euro (850.000 pezeta) ordaindu zituzten Ordiziako POTTOKA tabernako Aitor Urretak eta MARTINEZ jatetxeko sukaldari Xabier Martinezek. 2004an, Lierniako Patxi Erretegiak (Gipuzkoa) 12.100 euro ordaindu zituen. 2010ean Beasaingo Dolarea Hotelak, berriz, 7.200 euro ordaindu zituen. 2011 urtean 7.300 euro ordaindu zituen Bilboko Porrue jatetxeak, 2012an 7.400 euro Catalana Occidente aseguroetxeak, 7.500 Bergarako Bolintxo okindegiak eta 2014 han berriro errekorra ezarri zuen Idiazabalgo AMPO KOOP. Elkarteak bere 50. urteurrenean gazta erdiagatik 13.050€ ordainduz. 2015ean Catalana Occidente aseguroetxeak errepikatu zuen bere 2012ko eskaintza hobetuz, 7.600€rekin eta 2016an Okeletxe Harategiak eraman zuen 8000 eurogatik.
1984an, lehiaketa eta, batik bat, Idiazabal gaztaren kalitatea hobetu nahian, “ORDIZIA TXAPELDUN” izeneko lehiaketa berria sortu zen; lehiaketa horretan, hasieran, azken bost urteetan iraileko azokan Ordiziako Gazta Lehiaketa irabazi zuten artzainek parte hartzen zuten soilik. Gaur egun, azken hamar urteetako irabazleek hartzen dute parte, oinarrietan zehazten den legez.
IDIAZABAL GAZTAREN JATORRIZKO IZENDAPENAK 1989az geroztik parte hartzen du lehiaketan eta elkarteak ematen dituen aholkuek eta jarraibideek izugarrizko garrantzia dute; artzainen elkarteek ere laguntza paregabea eskaintzen dute.
Orain dela hogei eta hamar urte URREZKO KUTXA GARAIKURRA sortu zen. Azken 10 urtetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagileari ematen zaio sari hau. 2009. urtean, Jesus Ansolak (Elgoibar) jaso zuen lehen aldiz aipatutako garaikurra eta 2013an Ricardo Remirok (Eulate) lortu zuen.
1984 urtetik hona irabazleak horrela banatu dira: 19 gipuzkoarrak, 8 nafarrak eta 5 arabar. 2012. urtean aurreneko aldiz artzain bizkaitar batek irabazi zuen lehiaketa, Zeanuriko Jon Etxeberria artzainak, 2015ean bere bigarren garaipena lortuz.
ORDIZIAKO GAZTA TXAPELKETAN 1984TIK AURRERA IRABAZLEAK
1984 Ignacio Imaz Irizar (Idiazabal)
1985 Santos Fernández Machinabeita (Alsasua)
1986 Eugenio San Román Txitxarro (Alsasua)
1987 Rosita Agirre Murgi (Eulate)
1988 Jesús Mª Imaz Insausti (Idiazabal)
1989 Nicolás Remiro Murgialdaiz (Eulate)
1990 Miguel Mª Agirre Amiano (Alegia)
1991 Martín José Eizmendi Iza (Errezil)
1992 Guillermo Zugazua Saez de Nanclares (Zuazo de San Millan)
1993 Julián Etxeberria Iztueta (Berastegi)
1994 Mª Concepción Aldasoro Begiristain (Mutiloa)
1995 Félix Goiburu Errazkin (Segura)
1996 Domingo Goiburu Urrestarazu (Idiazabal)
1997 Jesús Aramburu Urbieta (Idiazabal)
1998 Jose Luis Pérez de Albeniz (Egino)
1999 Arantza Segurola Oiarzabal (Legazpia)
2000 Mª Carmen Pérez de Albeniz (Muniain)
2001 Jose Ignacio González de Heredia (Larrea)
2002 Mª Ángeles Iñurrategi Arocena (Zerain)
2003 Pascual López de Uralde Ruiz de Azua (Larrea)
2004 Ángel Errazti Oñaderra (Azpeitia)
2005 Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)
2006 J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
2007 Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)
2008 Rikardo Remiro (Eulate)
2009 Jesus Ansola Juaristi (Elgoibar)
2010 J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
2011 Rikardo Remiro ( Eulate)
2012 Jon Etxeberria (Zeanuri-Bizkaia)
2013 Ricardo Remiro (Eulate)
2014 Karmele Murua (Segura)
2015 Jon Etxebarria (Zeanuri)
2016 Joseba Insausti (Ordizia)