Arratsaldeko 8etan, aurten hiru kontzertu Letoniako, Esloveniako eta Indonesiako abesbatzekin.

Datozen egunetan, Ordiziako Eliz Parrokian eta Ordiziako Kultura sailak antolatuta, Tolosako Ekinbide Etxea (CIT), hiru abesbatzeen kontzertuak izango dira entzungai. Udazkenerakin batera Nazioarteko Abesbatzen Jaialdiaren edizio berria.Berriro ere Ordizia eta Goierriko  musikazaleak kultura tradizio desberdinetako ahots-taldeak entzuteko aukera izango ditu, kalitate handiko abesbatzak hain zuzen ere.Ezbairik gabe, aurtengo edizioak musikazale askok erakarriko ditu Ordiziako Parrokira.Kontzertuen egunak hauxek dira:

-       Urriak 31, asteartea: Maska Abesbatza (Letonia)

-       Azaroak 1, asteazkena: KOMORNI ZBOR KGBL abesbatza (Eslovenia)

-       Azaroak 2, osteguna: Resonanz Haur Abesbatza (Indonesia)            

Kontzertu guztiak Ordiziako Parrokian, arratsaldeko 20:00etan.

Eta datorren asteartean, hilaren 31n, arratsaldeko 8etan miniziklo korala zabaltzeko Rigako (Letonia) Maska abesbatza izango dugu gurekin, 22 emakume eta 18 gizon osaturiko taldea.

Xarma, estilo eta musikaltasun berezko eta apartekoak elkartzen ditu Maskako korukideak. 2000. urtean sortu zenetik, Jānis Ozols sortzailea izan dute buru eta zuzendari. Korukide guztien laguna izateagatik ere, serioa eta zorrotza da entseguetan. Jānisek laguntzaile handi bat ditu Maskarekin egindako lanean: Laura Jekabsone, koru-maistra. Maskako talde sortzailea beti dago prest tokiko zein atzerriko erakunde eta koru-elkarteekin lan egiteko eta korukideek maiz abesten dute beste taldeekin batera kontzertu eta ekitaldietan.

Maska harro dago, ez soilik Letonian, baita atzerrian ere, lortutako arrakasta handiaz. Sorberria zenetik, elkarteak emandako itxura gaztea ez ezik, anbizio eta etorkizun handikoa ere izan da. Atzerrian lortu zuen lehen arrakasta garrantzitsua; hain zuzen, Herbeheretan, non hainbat urre-domina irabazi baitzituen "TONNEN 2000" Kantu Koralaren Nazioarteko Lehiaketan. 2008an, atzerrian hainbat jarduera gauzatzeaz gain, arrakastatsu izan zen Letoniako txapelketetan: horrela, Riga eskualdeko abesbatza hoberenari saria jasotzeaz gain, Letoniako hiri-abesbatza hoberenari saria ere eraman zuten XXIVI Latvian Song and Dance Festival Jaialdian.

2010ean, Goriziako (Italia) 49. "Seghizzi" Kantu Koraleko Nazioarteko Lehiaketan, abesbatzak Sari Nagusia eraman zuen eta Jānis Ozolsek lehiaketako zuzendari hoberenari saria jaso zuen. 2011an, Bartzelonan ospatutako "Europe and its songs" Kantu Koralaren Nazioarteko Lehiaketaren 13. edizioan, Sari Nagusia eramateaz gain, puntu-kopuru maximoa (100 puntu) jaso zuen; lehiaketaren 13 urtetan lehenbiziko taldea izan zen, halakorik lortzen zuena. 2012an, "Harald Andersen" Abesbatza Lehiaketa ospetsuko Sari Nagusia irabazi zuten Helsinkin.

Asteazkenean Esloveniatik etorriko zaigu KOMORNI ZBOR KGBL abesbatza, Ljubljanatik hain zuzen. KGBL ganbera-abesbatza 35 bat kidek osatzen dute(18 neska-17 mutil). Abeslariak ahotsaren arloa xede duten musika-akademiako ikasleak dira, baita, hezkuntza amaituta ondoren, musika-akademian edo beste fakultate batzuetan beren ibilbidea egiten jarraitzen duten hainbat kide ere. Ganbera-abesbatzaren helburua abeslarien xede artistikoak betetzea da, eta askotariko estilo eta generoetako literatura korala ezagut dezatela lortzea: hasi berpizkundekotik, eta gaur egungoraino. Abesbatzak arreta berezia jartzen dio esloveniar konpositoreen obrak aurkezteari, belaunaldi gazteen lanak barne. Bide horri jarraikiz, berariaz abesbatzarako idatzitako pieza berri ugari estreinatu dituzte, eta arrakasta nabarmenak lortu dituzte, hala lehiaketa nazionaletan nola nazioartekoetan (Tallinn, Gdansk, Praga...). Ambrož Čopi zuzendari eta konpositoreak Tine Bec laguntzailearekin batera zuzentzen du abesbatza.

Eta zikloari amaiera emateko, ostegunean Asiatik etorriko zaigu hirugarren taldea, Indonesiatik hain zuzen eta kasu honetan haur abesbatza; The Resonanz Children Choir. Abesbatza honek Jakarta du egoitza bezala eta haur gehienak  Avip Priatna maisuak zuzentzen duen Resonanz Musika Eskolako  ikasleak dira. Avip-ek 2007an sortu zuen TRCC Abesbatza eta ordutik beraien kontseilaria da. Devi Franciscaren zuzendaritzapean, abesbatza hau irabazle izan da nazioarteko lehiaketa desberdinetan. 2012an, Baliko Abesbatza Lehiaketa irabazi zuen. Hurrengo urtean, Hong Kongeko Haur eta Gazte Abesbatzen Lehiaketan parte hartu zuen eta bertan sei sari irabazi zituen, haur eta folklore kategorietako lehen sariak eta “Mundu Abesbatza” izendapena, besteak beste. 2014ko abuztuan, Hungarian dagoen Nyíregyházako X. Cantemus Nazioarteko Abesbatza Jaialdian beste sei sari jaso zituen. Hauen artean Zoltán Kodályren lan baten interpretazio onena eta Sari Nagusia daude. 2015eko uztailean, TRCC Estatu Batuetara joan zen eta lau sari irabazi zituen San Frantziskoko Golden Gate Nazioarteko Abesbatza Jaialdian.

 

Ezbairik gabe ziklo hasieraren bikaina asteartean, Ordiziako parrokian, arratsaldeko 8etan.