IGANDEAN HASTEN DA PARROKIAN BARROKO AIRE XXXII. EDIZIOA
Musbika Ensemble taldeak zabalduko du Parrokian aurtengo edizioa, igandean arratsaldeko 18:30etan.
Aste bukaera honetan hasiko da Ordizian BARROKO AIRE, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXXII.ekitaldia. Eta jaialdi horrek Ordizian segituko du hilabete honetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Ataungo San Martin Elizan ere izango da ziklo honen kontzertu bat.
Zikloari hasiera emateko igande honetan, Ordiziako Eliz Parrokian, arratsaldeko 6:30etan, Musbika Ensemble taldearen kontzertua izango da, kontzertu bitxia, garaiko instrumentuekin interpretatutako XVIII. mendeko musika. Hilaren 12an jarraituko du programazioak Euskal Barrokensemble taldearekin, bere programa “Hego koloreak”. Azaroaren 19an Arimaz Kamara Orkestraren txanda izango da, Teleman eta Bach musikarien lanekin. Eta bukatzeko azaroaren 26an Pergolesiren “Stabat Mater” lana entzungai izango da, Donostiako Easo Eskolaniarekin.
MUSBIKA ENSEMBLE, musbika musika konpainiak estilo ezberdinetako ganbera musikaren interpretazioa hedatzeko asmoarekin sorturiko proiektu bat da. Musika talde honek, bere ibilbideari 2016ko abenduaren 29an ekin zion Elgoibarko San Bartolome elizaren 300. urteurren ospakizunekin batera. Ensemblea osatzen duten musikariek, Euskal Herriko eta estatuko hainbat orkestra eta talde profesionalekin (El Concierto Español, Capella de Ministrers, Orquesta Barroca de la Universidad de Salamanca, Orquesta Barroca de Granada, Belsize Baroque, Internationaal Barokorkest, Madrid Barroco, Orquesta Barroca El Arte Mvstico, Orquesta Barroca Conde Duque, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Teatro Regio di Parma, Kuraia Ensemble…), Euskal Herriko, estatuko eta maila internazionaleko (Amerika, Asia eta Europa) auditorio, jaialdi eta giretan parte hartuz osatzen ari dira beraien ibilbidea.
Igandeko kontzertuan eta errepertorioari dagokionez, euskal izaera duten XVIII. mendeko euskal eta europar musikagileen (Lully, Rameau eta Bakedano) musika hartu du erreferentziatzat konpainiak: Lullyk bi euskal ninfen (ipar eta hegoaldekoak) tirabirak musikatu zituen Xerxes obran. Jose de Bakedano Gares-Puente la Reinan jaio zen. Eta Rameauk berriz, Nafarroako Erreinuko Constanza printzesa eta Foixko dukearen arteko katramila amodio-politiko baten antzezpenerako idatzi zuen La Princesse de Navarre obra.
Euskal Herriko 12 musikari profesionalek osatzen dute taldea. Honako instrumentu eta musikariak izango dugu igandeko kontzertuan: biolinak: Enrique Campos, Javier Navascues, Daniel García, Ainhoa Galvany ,Tomas Ruti eta Elena Gómez; biolak: Iraide Sarria eta Loreto Alfonso; biolontxeloa: Ana Egiazabal; kontrabaxua: Julio Cesar Romero; klabea Guadalupe Lopez, eta perkusioa Elur Arrieta.Instrumentu guztiak, XVIII. mendean erabiltzen ziren eraikitzeko teknikekin sortuak dira.
Hitzordua, beraz, igande honetan, hilaren 5a, arratsaldeko 6.30etan, Ordiziako Parrokian.
Zikloaren programazioa ikusi nahi baduzu SAKATU HEMEN