Arratsaldeko 19:00etan  "Iragan iluna argitzen: Gipuzkoa Erdi Aroan (VI-XV. mendeetan)" hitzaldiarekin batera, José Ángel Lema Pueyok emana.

 

Hitzaldi honen helburua bikoitza da: alde batetik, Síntesis de la Historia de Gipuzkoa izenburua duen liburua aurkeztea eta, bestetik, lan horretako Erdi Aroari buruzko atalaren funtsak azaltzea. Orain arte obraren paperezko bertsioa atera da gazteleraz eta laister argitaratuko da bere euskal bertsioa. Horretaz gain, on line ere egongo da irakurleen eskura bi hizkuntzez. Izan ere, Miguel de Aramburu elkartearen asmoa izan da aspalditik gure lurraldearen iragana -Historiaurretik gaurdaino- azaltzen duen lan sendo eta eguneratu bat, azken ekarpenak islatzen dituenak, argitaratzea. Egitasmo horretatik jaioko zen aurkezten dugun liburua. Gipuzkoako historiaren hainbat alderdi ikertuak egonik ere, ikuspegi orokorra eskaintzen zuen obra bat faltatzen zen.

Agian, Gipuzkoan egun unibertsitateko historia ikasketarik ez izatea hutsunearen zergatietako bat izan daiteke. Erronkaren dimentsioak kontuan harturik, ez zitzaigun egokia iruditu lan osoa egile bakar batek egitea, baizik eta hobe zela ahalegina hainbat egileren artean banatzea. Ondorioz, zortzi historialarik hartu dute esku ekimen honetan: horietako bi -Álvaro Aragón eta Iker Echeberria- koordinatzaileak izan dira eta gainontzekoek liburuaren atalak idatzi dituzte. Egile bakoitzak aldi kronologiko jakin bat hartu du bere ardurapean.

Testuinguru horretan, Erdi Aroa da hirugarren atalaren gaia, hau da, VI. mendetik XVI. mendearen hasierarako bitarteko aldia. Garai hartako gizartea ezagutzeko Gipuzkoan argibide iturrien arazo larria daukagu: agiri idatziak oso eskasak dira XIV. mendearen erdira arte eta kronikek laguntza mugatua eskaintzen dute. Beraz, arkeologiaren ekarpenak gero eta garrantzitsuagoak dira Erdi Aroaren ezagutzan aurrerapenak egiteko. Egia esan, VI-XII. mendeetako historia gure dark ages edo "garai ilunak" dira. Azken hamarkadotan burututako indusketa arkeologikoei esker susmatu ahal ditugu populaketaren nondik norakoak: nola eratzen joan zen herriska sare bat -1000 urterako oso garatua-, nola sortu ziren lehen parrokiak eta nola eraikin ziren lehen gazteluak. Aldi berean, gipuzkoar lurraldearen lehen aipuak, esparru konkretu bat adierazteko, agertzen dira: 948an eta 1025ean, zehazkioago. Azken urte horretan, Antso III.aren garaian, Iruñeko erresumako administrazio barruti bat dugu, non erregearen ordezkari bat, subiranoaren eskumen delegatuak zituena, aritzen zen. Hala ere, 1200. urterako Gipuzkoa Gaztelako erregeak -Alfontso VIII.ak- bereganatuko zuen, Nafarroako Antso VII.ari kenduz. Nahiz eta Nafarroako erresuma lurralde historikoa XIII eta XIV. mendeetan era ezberdinez berreskuratzen saiatu, 1200.eko aldaketa politikoa atzeraezina izango zen. Denbora igaro ahala, lurraldearen fisonomia berritu zen: hiribilduak sortuko ziren -horien artean, Ordizia bera, 1268an populaketa gutuna jaso zuena-, eta gune berri horiekin batera lurraldea antolatzeko modu berri bat. Izatez, hirbilduok lurraldean zabalduko zuten euren eragina, askotan euren udalerrietan inguruetako herriskak sarturik. Nekazaritza defizitarioa zen; beraz, beste jardueretan bilatu beharra zegoen konpentsazioa. Uraren indarraren aplikazioak XIII. mendearen amaieratik aurrera burdingintzaren modernizatzea bideratu zuen, nazioarteko merkatuetan Gipuzkoaren nortasun ekonomikoa markaturik. Bitartean, itsas arrantzaren, garraioaren eta merkataritzaren sareek gipuzkoarren interesak hedatu zituzten Inglaterra eta Flandestik Italiaraino. Oinarrian, dena sostengatuz, protagonista bat: oihana, biziraupenerako eta jarduera ekonomiko guztietarako baliabideak eskaini behar zituena. Guztien interesak orekatu nahian eta baliabideen agortzea sahiesteagatik, basoa ustiatzeko akordioak egin behar izan ziren tokiko agintarien artean -horietako bat Ordizian, 1409an-.

Gipuzkoa, Erdi Aroaren amaieran ez zen gizarte baretsua. Gatazkak aurkitzen ditugu edonon. Protagonista famatuenak -bakarrak ez- aristokraziako leinuak eta euren bandoak izan ziren. Egonezin eta bortizkeriaren giro horretan, 1375etik aurrera eratzen hasiko ziren foru erakundeak, hiribilduek eta Gaztelako koroak bultzatutakoak. Hasieran, segurtasuna eta ordena publikoa bermatzeko jaio ziren, baina bilakaera konplexu baten ondorioz, lurraldean finkatuko ziren ordezkaritza eta gobernu erakundeak izatera helduko ziren XV. mendearen bigarren erdian zehar. Gipuzkoako Batzarrek, erregeren korregidorearen aurrean biltzen zirenek, emango zioten lurraldeari bere nortasun politikoa. Gipuzkoa koroaren hizketakide eta aktore politiko bihurtuko zen.