INDARRAK BERRITUTA DATOZ KALDEREROAK ETA ZOZOMIKOTEA
Antolaketa taldeak herritar guztien parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du
Otsailaren 3an Kalderero jaia ospatuko da beste behin Ordizian. Jose Miguel Santamaria alkateak, Joseba Aranburu Kultura zinegotziak eta ‘Ordiziako Kaldereroak eta Zozomikote’ batzordeko Erramun Amundarainek eta Juanito Aierbek ekitaldiaren berri eman dute. Aurten ‘Badator’ lelopean, nobedadeekin eta ‘Ordizia 750’ urteurrenarekin dator.
Alkateak ospakizunaren antolakuntzan eta parte hartuz bat egin dutenei bere eskerrona luzatu die. Aurten ere herriko eragile eta elkarteei parte hartzeko eskatu die.
‘Gure festa, herriarena, izateko lan egiten da eta horregatik da beharrezkoa denok egotea, ikastetxeak barne, geroa begira irakasle eta gurasoen inplikazioa behar dira bereziki, jaia sustraitzeko’, esan du.
Egun bat baino gehiago
Edizio honek ekarriko dituen berriak ezagutzera eman ditu.
Adibidez, Barrenako sarreran argazki erakusketa zabaldu da, 1923 eta 2014 bitartean Ordiziako kaldereroen bilakaerari buruz. Ikastetxeetan informazio olanak jarri dira ‘Zozomikote gure laguna’ ikasleei gerturatzeko. Haurrentzat pintura lehiaketa prestatu da eskoletan egingo den Zozomikote astearen baitan, ekintza gehiagoekin batera.
Otsailaren 3an haurren desfileari hasiera emateko txupinazoa botako da Barrenatik. Zozomikote eta Lamia txikiak hartuko dute parte eta pinak banatuko dira festa goratzeko. Irten aurretik txokolatea eta pastak banatuko dira, eta Zozomipotea arratsaldeko helduen desfilea hasi baino lehen, ‘indarrak hartzeko’.
Antolatzaileek festa egunean emango dute ezagutzera ‘Urteko Zozomikotea’ sariaren irabazlea. Bigarren urtez, sari horrekin Ordiziaren eta Kaldereroen alde egindako lanaren aitortza egingo da.
Aranburuk aurten asmatu den ‘Badator’ leloa ‘geratzeko’ aukeratu dela esan du. ‘Jarraipena izatea nahi genuke, jaia kontsolidatzeko lanean ari garelako, gurea egiteko eta atzetik datozenak ere barneratu dezaten’.
Amaitzeko, Aierbek parte hartzeko gonbitea luzatu du, batez ere gaur egungo ibilbidea hasi zenean irten zirenei. ‘Gazteentzat erreferente izatea nahi dugu, animatu daitezen’, esan du, ‘herritarrek izatea nahi dutena izango baita Kalderero jaia’. Desfiletan jotzeko entseguak urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra izango dira, Barrenan, 20:00etan.
*Argazkian, aurkezpenean parte hartu duten lagunak