LARUNBATEAN, IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA D'ELIKATUZ GUNEAN
Ahoz-aho 2018 programazioaren barruan, larunbatean, 19:00etan
Urtero garai honetan gertatu ohi den moduan, Ordiziako airean istorioak zizelkatuko ditugu. Burbuilak kontatuko ditugu, kondairen artean flotatuz. Narrazioz zipriztinduko gara, istorioez elkar lurrinduz.: Ahoz Aho jaialdia badator. Ahozkotasunaren Unibertsotik datozen Izar horiek martxoaren 3tik 16ra bitartean bisitatuko gaituzte.Eta Jaialdia hasteko“KONTATU GUREKIN!” VI. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO lehiaketarekin zabalduko da. Istorio bat, ipuin bat... kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa zabaldu da eta Amaia Pagola (Tolosa), Joxe Aldasoro (Etxarri-Aranatz), Vanessa González (Arrasate), Sebas Gutterdege (Zumarraga), Amaia Ruiz de Galarreta (Tolosa) eta Román Marzana (Elorrio) izango dira lehian arituko direnak. Lehiaketa, datorren larunbatean, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako D’Elikatuz gunean eta Iñaki Carreterok izango da emanaldiaren gidari.
Parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta Publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko, BARRENA JAUREGIAN, martxoaren 24an ospatuko dena. Galan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Epaimahaiak eta Publikoaren botoak sailkapena erabakiko dute, eta 300 euroko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarrenari, eta 100 eurokoa hirugarrenari.
Lehiaketarekin batera aurten beste proposamen berezia entzuteko aukera izango dugu: Iban Moreno (Donostia, 1979) gitarrajoleak hainbat lan interpretatuko ditu.Morenok Lasarte-Oriako Udal Musika-Eskolan hasten ditu musika ikasketak. 2002an, Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorio Profesionalean jarraitzen du bere formakuntza eta 2008an Gitarran graduatzen da, Eduardo Baranzano Maisuaren zuzendaritzapean. Aintzinako Musikari dion estimak, Errenazimentuko eta Barrokoko Hari Pultsatuko Instrumentuak -vihuela, lauta, gitarra barrokoa eta tiorba- jotzen ikastera bultzatzen du eta 2013an Madrileko Federico Moreno Torroba Kontserbatorioan graduatzen da. Bere formakuntza, ikastaro eta jardunaldi ezberdinetan parte hartuz osatzen du, besteak beste, Paul O’Dette, Vicent Dumestre, Rafael Bonavita, Eugène Ferré, Eduardo López Banzo edo Ariel Abramovich maisuengandik master classeak jasoz. Berriki, bere lehen laute barrokoko diska kaleratu du, Melancholia 1719.
Hitzordua martxoaren 3an, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan D’Elikatuz gunean, proposamen bikotzairekin: narrazio lehiaketa eta Iban Moreno..
Hasieran dena iluntasuna zen.
Norbaitek esan zuen: Ipuin bat entzun nahi duzue?
Eta izan zen Argia…
…Sar dadila Kalabazan!!!
AHOZ AHO 2018