IPUINAK ETA ZIRKOA PROTAGONISTAK LARUNBATA HONETAN AHOZ AHO JAIALDIAN.
Amaia Puin (Euskal Herria) eta Benita Prieto (Brasil) larunbata honetan Barrena Kultur Etxean (17:00 h.). Eta jarraian Plaza Nagusian eta Garagartza Plazan “Argikale” ikuskizuna Zirkoloretsuarekin.
Larunbata honetan, hilaren 10ean, arratsaldeko 5etan, Barrena Kultur Etxean jaialdiaren ekitaldi nagusienetariko bat ikusteko aukera izango da: AMAIA PUIN (EUSKAL HERRIA) eta BENITA PRIETO (BRASIL) protagonistak. Beraiekin batera Jakintza Ikastolako ikasleak ere arituko dira eskenatoki gainean; ikasle hauek egun hauetan Maider Galarzak emandako ahozkotasunaren tailerrean parte hartu dute. Ahoz-Aho jaialdiaren edizio berriak, ahozko tradizioko kontakizunak, literatur narrazioak, joko eszenikoak, poema musikatuak, deklamatutako bertsoak, hitz-jokoak eta beste ikuskizun mordo bat ekarriko dizkigu Ordiziara, denak ere ipuinetan oinarritutakoak.
Ahoz Aho jaialdia pasa den martxoaren 3ean hasi zen, VI Narrazio lehiaketarekin, eta larunbaterako programa bikoitza iragarri du.Hainbat estilo eta hainbat forma, gure mundu anitz, mestizo eta kultura askotarikoaren erakusgarri. Kultura desberdinak, mundu ikuskera desberdinak, jarri nahi dira aurrez aurre, mendean hartu nahi gaituen kultur globalizazioari ihes eginez. Elkar ezagutzea da helburua, harremanak ezartzea eta areagotzen ari den mestizaje aberasgarria onartzea, bakoitzak bere izateari eutsiz.
Benita Prieto Brasilgo kontalari eta aditua izango da Barrenan, bere saioan hitzen boterea erakutsi digu, hitzek mugiarazten, hunkiarazten gaituzte, hausnarketa, amets egitera eramaten gaituzte.Brasilgo bost herrialdetatik kondairak, mitoak eta ipuinak kontatuko ditu.
Beste aldetik Amaia Puin, donostiarra, Filosofian lizentziatua.Donostiako T.A.E-n egin zituen antzerki ikasketak. Haurrentzako antzerkia egin du Gar produkzioak eta Teatro Paraiso konpainietan. Antzerki irakaslea izan da hainbat ikastetxeetan azken 15 urteetan. 2012-an hasi zen ipuin kontalari moduan lanean. Itzulipurdika taldearen partaidea da eta Donostiako udal liburutegien sarean kontalari dabil “ipuinaren orduan”.
Abestea oso gustukoa du eta bakarkako diska prestatzen ari da. Bere ipuinsaioetan abestiren bat edo beste agertzen da sarri. Ipuin musikatuak ere egiten ditu. Bakarka nahiz akonpainaturik. Bere saioan “Ipuin kuttunak”, behin eta berriz kontatzen dituenak eta oraindik hunkitzen dutenak. Amaiaren altxor maitagarrienak, sekula ahazten ez diren ipuinak.
Aperitibo ezin hobea Ahoz Aho Jaialdiak eskeiniko duena larunbata honetan, Barrena Kultur Etxean, arratsaldeko 5etan. Barrenako saioaren ondoren, Ahoz-Aho jaialdia kalera aterako da eta arratsaldeko 7:30etatik aurrera Zirkoa izango dugu protagonista Plaza Nagusian eta Garagartza Plazan, proposamen berezi batekin “Argikale” ikuskizuna, zirko kalejira Zirkoloretsua taldearekin.