AHOZ AHO 2018 ORDIZIAKO GALA NAGUSIA
Amaia Ruiz de Galarreta irabazle VI. Ahozko narrazio lehiaketan.
Ordiziako Barrena jauregiko aretoa izan zen AHOZ- AHO jaialdiko gala nagusiaren eta VI Ahozko Narrazioaren Lehiaketaren gune. Bertara jende ugari gerturatu zen eta bertan sortu zen giro onaren konplize izan ziren.
Martxoaren 3an hasi zen lehiaketa Ordiziako D´elikatuz gunean Iñaki Carretero izanik bertako aurkezle eta oraingoan ere Iñakik gidatu zuen jaialdiko gala nagusia. Lehiaketan izen eman zuten 6 partaideetatik 3 pasatu ziren finalera, Amaia Pagola, Vanessa Gonzalez eta Amaia Ruiz de Galarreta. Jaialdiari lehiaketak eman zion hasiera, beraien kontaketak bertaratu zien entzuleekin konpartituz.
Amaia Pagolak bere ipuinaren bidez kolorez beteriko mundu batera eraman gintuen, Vanesa Gonzalez hitzak jateko gosea jarri zigun eta Amaia Ruiz de Galarretak basamortuko giro beroetara eraman gintuen.
Publikoak beti du garrantzia ikuskizunetan baino lehiaketan garrantzi berezia du bere iritziak, bertaratu ziren ikusle guztiek boto bana emateko aukera zuten gustukoen zuten kontaketari. Bestalde, bazen baita ere epaile talde bat Ane Gebara, Imanol Arabaolaza, Eneko Haritza, Maider Alzelai eta Dorleta Kortazar-ek osatua.
Finalistek bere kontaketak egin eta puntuaketak kontatu bitartean Iban Moreno eta Aitor Tejedor-ek bere ikuskizuna eskaini zuten, gitarra soinu bikain eta bere estilora ezarritako errezitaldi batekin.
Lehiaketako kontalariez gain, beste kontalari batzuen ipuinez gozatzeko aukera izan zen, euskal herriko Ane Gebara, Imanol Arabaolaza, Eneko Haritza eta Maider Alzelai ; Nikaraguako Zoa Tamara Cuellar eta Alemaniako Cristian Atanasiu-ren eskutik.
Puntuaketak kontatu eta publikoaren puntuek markatu zuten zein izan zen garaile. Hirugarren tokian Amaia Pagola geratu zen, bigarren lekua Vanessa Gonzalez-entzat izan zen eta Amaia Ruiz de Galarreta izan zen aurtengo irabazlea. Zorionak hirurei.
Giro polita, ipuinak, musika… ikusleen artean gozatu izanaren aurpegiak nabari ziren eta ipuin gehiago entzutearen gogo grina piztua ere bai. Ba al da AHOZ- AHOko jaialdiaren aurtengo edizioari bukaera emateko modu hoberik??