SARA COZARREK ETA JOSEBA APAOLAZAK EUSKARAZKO ERGELA ANTZEZLANA TAULARATUKO DUTE HERRI ANTZOKIAN
Herri Antzokia- martxoak 23, ostirala, gaueko 10:15ean.
Ostirala honetan, hilaren 23an, Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren seigarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Txalo Produkzioak aurkeztuko duen "Ergela” lanarekin eta Sara Cozar aktoresa ordiziarrarekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.
Sara Cozar eta Joseba Apaolaza dira “Ergela” lanaren protagonistak, taula gainean eskarmentu handia duten aktoreezagunek Eder Trauss eta Karlos Varelari ematen die bizia oholtza gainean. Komediari leial eutsiz, egungo gizarteari kritika bortitza egiten dio “Ergela” obrak.. Emanaldia 22:15ean hasiko da, eta sarrerak Barrena Kultur Etxean daude salgai.
Antzezlanak ordaindutako proba psikologiko batzuk egitera aurkezten den gizon baten istorioa kontatzen du. Haren arazo ekonomikoak konpontzeko adina diru lortzeko modu ustez erraz eta samurra benetako tranpa bat bihurtuko zaio. Psikologo batek galderak eta igarkizunak egingo dizkio, gure gizon ergela urduritasunak jota utzi arte. Horiek urdurituko dute eta bere onena atera beharko du zoritzarreko amaiera saiheste aldera.
Ergela Jordi Casanovasen testu bat da, Martin Agirrek euskaratua, Begoña Bilbao Lejarzegi izan da zuzendaria, eta Txalo Produkzioak konpainiak ekoiztu du.
Sara Cozar ordiziarra antzerki, zinema zein telebistan aritu da aktore. EITBko Goenkale, Ero eta bero, Euskolegas eta Mi querido Klikowski telesailetan lan egin du. Baita Lasa eta Zabala, Bypass,Izarren argia eta Kutxidazu bidea Ixabel film luzeetan ere. Antzerkiaren arloan Uda gau bateko ametsa, El hijo de la novia, El amor después del amor, Hil arte bizi eta Las mujeres de verdad tienen curvas antzezlanekin izan da taula gainean.
Joseba Apaolaza ere eskarmentu handiko aktorea da. 1983an hasi zen lanean, Orain antzerki taldearekin. Besteak beste, José Antonio Plaza, Fernando Bernués eta Mario Gasen zuzendaritzapean aritu izan da, hainbat antzezlanetan. Hainbat telesailetan parte hartu izan du baita ere, euskaraz zein gaztelaniaz: Bi eta bat, Beny ta Martín,Duplex, A ze parea, Jaun eta Jabe, Maité, Ertzainak, Goenkale, Teilatupean, eta estatu mailako kateetakoetan, hala nola Periodistas, El comisario eta Aquí no hay quien viva. Zinemaren arloan 27 horas, Ander eta Yul, Días contados, El portero, La voz de su amo eta Silencio roto filmetan parte hartu izan du, besteak beste, Montxo Armendáriz, Gonzalo Suárez eta Emilio Martínez Lázaroren zuzendaritzapean.
Antzerkiarekin hitzordua ostiralean Herri Antzokian eta aukera ezinhobea Sara Cozar, artista ordiziarraren lana zuzuenan ikusteko.Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean.