Txupinazoa Jakintza Ikastolak eta Jesus Mari Larizek botako dute

Jose Miguel Santamaria alkateak, Arantxa Fernandez jaietako zinegotziak, udal teknikariek eta hainbat ekintzen antolatzaileek hastear dauden Ordiziako Santana jaietako egitaraua aurkeztu dute. Edizio honek egun bat gehiago dakar opari gisa, izan ere hilaren 28an hiribilduaren ‘750. Urteurreneko Eguna’ ospatuko da.  Haurren egunak 21ean eta 22an izango dira. Baina, beti bezala,  egun batzuk lehenago hasten dira hainbat ekintza eta ostiral honetatik badago non gozatu, eta epilogoa Azarik prestatuko du 31ko usakume jaurtiketarekin. Jakintza Ikastolak, bere 50. urteurrenagatik, eta jubilatu berria den Jesus Mari Lariz, jaien antolaketarako udal koordinatzaileak  jaurtiko dute 24ko txupinazoa.

Ohiko ekitaldiei hainbat berrikuntza gehitu behar zaie aurten ere. Horietako bat, Iker Galarza aktoreak abian jarri duen ‘Gure Zirkua’ ikuskizuna. Goierrira lehenengo aldiz iritsiko da eta San Bartolome auzoan kokatuko da. Hilaren 19, 20, 21 eta 22an irekiko ditu ateak sei saio eskaintzeko. Sarrera gehienak saldu dira dagoeneko. Azkenak Vicuña Sport dendan eros daitezke. Horrez gain, hilaren 21ean urezko txirrista erraldoia jarriko da Eguterabidean eta bazkari batean elkartuko dira 500 haur plaza Nagusian.

Urrup antzerki taldeak martxoan estreinatutako Julio Escaladaren  ‘Tenemos que hablar’ obra jarriko du eszenatokian hilaren 20ean.  24ean Lekittoko Deabruak taldeak  ‘Anabasa’ kale antzerkia antzeztuko du. Musika arloan, bi dira berri nagusiak: ‘ABBA The New Experience’ taldearen emanaldia 26ean 22:30ean eta Krypton orkestrarena 27an gauerdian. Musika arloa osatzeko, dantzaldiak, disko-parrandak, goizeresiak eta kontzertu gehiago emango dira. Irungo Musika Bandak 26ean ematen duen emanaldia Ordiziari eskainita prestatzen ari dira, Ordiziari edo Ordiziako hainbat egileei lotutako errepertorioarekin.  Hala, Allier, Mocoroa, Gurrutxaga eta Alberroren obrak interpretatuko dira.

Orfeoia eta piromusikala egun instituzionalean

Aurtengo programan nabarmentzekoa Villafranca hiribilduaren fundazioaren 750. Eguna da. Jaiak uztailean 27an amaitzen dira baina aurten 28ra arte luzatu dira. ‘750. Urteurrenaren Eguna’ izendatu da. Eguerdian ekitaldi instituzionala ospatuko da eta arratsaldean denentzat pentsatutako ekintzak antolatu dira. Hauek 18:00etan hasiko dira Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen ikuskizunarekin; 18:30ean Xabier Crehuet, Starblues eta Insania Crew artista ordiziarren emanaldia hasiko da; 22:00etan Donostiako Orfeoiak eta Irungo Musika Bandak ‘Ordizia 750’ kontzertua emango dute eta, amaitzeko, Astondoa pirotekniak musikaz eta su artifizialez osatutako ikuskizuna eskainiko du Barrenako parkean gauerdian. Aurretik, hilaren 23an 20:30ean Ordiziako sopranoen ‘Ordizia 750’ kontzertua eskainiko da parrokian. Ainhoa Garmendia, Nerea Erauskin, Elena Lopez, Amalia Ibañez, Inma Goiburu eta Debora Herrerok abestuko dute.

Kirola, indartsu

Ordiziako jaietako egitarauan presentzi nabarmena du kirolak. Azken asteotan herri txapelketa ugari egiten ari dira, esku pilotan, futbolean, saskibaloian eta palan, eta finalak egunotan izango dira. Ordizia Kirol Sariak ere emango dira bi urteotan Ordiziako kirolean nabarmendu diren erakunde eta kirolarien lana aitortzeko. Hilaren 20ean 19:00etan Barrenan izango da ekitaldia. Gainera, skateboarding txapelketa larunbat honetan egingo da Upabialdean eta hilaren 23an Oiangun izango den ‘Umore Horia’-ren bigarren edizioa programan txertatu da.

Kirol profesionalak ere pisu handia izango du, ohiko moduan. Hiru ikuskizun nagusiak dira boxeo eta pilota jaialdiak eta txirrindularitzako klasika. Boxeoa 20ean 22:00an izango da; klasika 25ean goizean eta 26ean 18:00etan pilota partiduak.

Ring-a Ander Bricio ordiziarraren debuterako prestatuko da, afizionatu konbate baten neurtzeko. Profesionalak bi  mailatan lehiatuko dira:  Mateo Lunaren kontra ‘super pluma’ pisuan eta Mendoza Lham-en aurka ‘oilar’ mailan. Sei lehia olinpiko ere iragarri dira, horietako bat emakumezkoena.

Txirrindularitza klasikak azken urteetako ibilbidea egingo du, 165,7 kilometroekin. Bost kontinenteetako txirrindulariak etorriko da eta 14 edo 15 talde. Etortzeko diren txirrindularien artean iragarri dira Simon Yates, Italiako Giroko hiru etapen eta Klasikako 93.edizioaren irabazlea; Angel Madrazo, 92.urteko irabazlea eta Team Euskadiko Iker Azkarate eta Caja Ruraleko Alex Aranburu goierritarrak.

Pilotako jaialdia 26ean 18:00etan jokatuko da. Estelarrean Altuna eta Martija, Irribarria eta Albisu goierritarren kontra izango dira. Hauen aurretik Mendizabal eta Ruizek, Ugalde eta Jaunarenaren kontra jokatuko dute.

Danborrada, barrakak eta bigantxak

Barraketako eta bigantxa-plazaren kokaleku aldaketa egin zen duela bi urte. Orokorrean balantzea ona da eta errepikatu egingo da. Barrakak  Bizkaia pasealekuan eta  bigantxa-plaza Buztuntzan, Idoiaga plazan ipiniko dira. Ulergarria da bizilagun batzuentzat deserosoa izatea, horregatik Udalak barkamena eskatzen du.

Udaleko osoko bilkuren aretoko balkoitik  uztailaren 24ko danborrada ikusteko aukera emango zaie aurten ere herritarrei.  Balkoian egoteko interesa dutenek eskaera egin behar dute udaletxeko herritarren arreta bulegoan (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:30etara) edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzita, izen-abizenak eta telefono zenbakia emanez.    Ordizian erroldatua egotea derrigorrezkoa da. Izena ematen dutenen artean zozketa egingo da eta aukeratua izango duen pertsona bakoitzak balkoira lagun bat eraman ahalko du. Eskaera epea 18an amaituko da eta 19an egingo da zozketa.

Koadrilekin festak

Azken urteotan, eta baita aurten ere, Udala koadrilen ordezkariekin elkartu da. Gazteen ekarpenak jasotzeko, portaera neurriak gogoratzeko, Berdintasun arlotik datozen jarduerak bultzatzeko eta, datorren astean ezagutzera emango diren adikzioen prebentziorako berriak ezagutzera emateko balio izan dute bilera horiek.

Bizikidetza hobetu da, baina bada oraindik non saiatu. Matutinako gauean Gudarien etorbidean kuadrillek espazioak era antolatuagoan okupatzeko zozketa egin da aurten ere, arrakasta handiz, eta musika ekipoentzat argi-indar puntuak jarriko dira berriz, gasolio sorgailuak erabili ez daitezen, arriskua sortzen baitute.

Bai ez bada, ez da

Santa Ana jaietan, errespetuan oinarritutako eta eraso sexistak gabeko berdintasunezko jaiak izateko kanpaina martxan jarri du Berdintasun arloak beste behin. “EZ DA EZ,  EZ PASA ETA EZ ONARTU” horrelako mezu argi eta sinpleekin udalak herritarren arreta erakarri nahi du errespetuan eta askatasunean oinarritutako harreman batzuen alde; erasotzat har daitezkeen eta errespetuzkoak ez diren jarrera guztiak baztertzearen alde.

Kanpaina honen barruan hainbat ekintza jarri dira martxan. Nabarmentzekoa Zuhaiztin jarriko den jaima informatiboa edo  ‘indarkeria sexistarik gabeko gunea’, hilaren 25ean 19:00etatik 22:00era arte, eta hilaren 27an 23:00etatik 02:00era. Jai eremuan kokatzen den gunea da, indarkeria sexistaren gaia ikustarazteko eta herritarrak kontzientziatzeko (12 urte baino gorakoentzat). Bertan, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jaso eta babes eta elkartasun gunea irudikatu nahi da. Indarkeria aurre egiteko bitartekariak eta informazioa jasotzeko gunea izango da, denontzat irekia: triptikoak, txapa makina, materialak salgai, etab.

Honez gain, hainbat pegatina, kartelak eta “Erasoen aurka, aurre egin eta ekin”  Beldur Barik gida eta laguntza eskatzeko hainbat telefonoren berri emanez txartel informatiboak banatu dira. Materialak lagun taldeei banatu zaizkie; dendariei eta tabernariei ere banatuko dira, Ostalaritza eta merkataritza elkarteak kanpainarekin bat egiten du. Azkenik, iazko Bideoa  erabiliko da, jaietan ere indarkeria sexistaren aurkako mezuak zabaltzeko (“Ez izan konplize, izan lagun) eta kartel erraldoi bat jarriko da udal eraikin batean ‘Bai ez bada, ez da’ leloarekin.

Eta aurten baita, web gune bidez galdeketa egingo da jaien inguruan herritarrek euren iritzia eman ahal izateko. Udaleko ordizia.eus atarian zintzilikatuko da, ‘Ordizia Hobetzen’ banerrean, hilaren 24tik abuztuaren 7ra.

Programaren oinarrian urte askotatik hona antolatzen diren ekimenak daude.  Kontuan izan behar da guztiok gozatzeko eta  dena prest izateko Ordiziako pertsona eta erakunde batzuek -20 baino gehiago dira- ekimen hauen antolaketan borondatez lan egiten dutela hilabeteetan zehar.  Mila esker denei egindako lanagatik.

HEMEN PROGRAMA:

programa SANTANA 2018 egitaraua (pdf)