OSTIRALEAN, KAFKAREN AULKIA HERRI ANTZOKIAN
Irailak 7, ostirala, 22:00 HERRI ANTZOKIAN / Patxi Zubizarreta idazlea, Uxue Alberdi eta Jon Maia bertsolariak eta Pello Ramirez musikaria.
Ostiral honetan, gaueko 22:00etan aurkeztuko da Ordiziako Herri Antzokian KAFKAREN AULKIA emankizuna, ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dute idazle batek, Patxi Zubizarreta ordiziarrak kasu honetan eta bi bertsolarik Uxue Alberdi eta Jon Maia, Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko errelatoan txertatuko da hark agindu ahala.
Patxi Zubizarretak osatuko du emankizunaren ardatz izango den errelato nagusia, berak hautaturiko genero, molde eta tonuan. Patxi berak ekitaldiaren inguruan segidakoa adierazi digu: “Egun seinalatua izango da Kafkaren aulki honek eskaintzen didana: alde batetik, Pello Ramirezekin berriro aritzeko aukera izango dut, ordiziarra bera ere, lotura berezia dut berarekin eta bere musikak hotzikara are bereziagoa eragiten dit; bestetik, sekula ez dut bertsolariekin lan egin, eta horrek bereziki motibatzen nau, batez ere hain maila onekoak izanda. Irrikaz nago, egia esan. Baina egun seinalatua izango da beharbada nire lanik pertsonalenetako bat eskaintzeko asmoa dudalako, ekitaldi hau behin bakarrik gertatuko delako: gehienetan, idazlearen mozorrarekin ibiltzen naiz, idazlearen ikuspegitik, baina oraingo honetan jaioterrian zer nolako bizipenak izan ditudan kontatu nahi nuke, lehen pertsonan: zein pertsonak markatu nauten, inguruak zenbateraino eragin didan… hori guztia herriaren 750 urteurrenarekin lotuta, nire historia pertsonala jaioterriaren historia nagusian txertatuta.
Entzuleei halako telegrama sentimentalak bidali nahi dizkiet, labur, arin, musika lagun identifika daitezen, aspaldiko kontuak gogoratu ditzaten, irribarre egin dezaten, nor sentitu daitezen, antzokitik arteak indarberrituta atera daitezen, etorkizunari aurre egiteko gogotsuago…; nik neuk behintzat horrela atera nahi nuke.” Bertsolariek pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute, narrazioari koloreak, atmosferak eta kanpo-begiradak gehituz.
Idazlearen emana eta bertsolarien ekinaldiak txandakakoak izango dira eta, Pello Ramirez musikariarekin batera, emankizun oso bat eratuko dute.
Esan dugun bezala Herri Antzokiko saioan Patxi Zubizarretak idazleak parte hartuko du, ordu erdiko irakurraldia eginez, baina tarteka etenaldiak eginez, Uxue Alberdik eta Jon Maiak irakurketa horretan oinarritutako bat-bateko bertsoak kantatuko dituzte, testua —edo testuak— aldez aurretik ezagutu gabe. Pello Ramirezek, aldiz, aurretik jakingo du idazleak zer irakurriko duen, eta irakurketa horretan oinarrituta sortuko du emanaldian testuari laguntzeko biolontxeloarekin nahiz esku soinuarekin joko duen musika. Amaieran, Alberdik eta Maiak okasiorako jarritako bertsoak kantatuko dituzte, emanaldia egiten den herria, parte hartu duen idazlea eta eguneko bestelako xehetasun batzuk aintzat hartuz.
Uxue Alberdi (1984) Elgoibarren jaio eta bertan bizi izan zen 18 urte bete arte. Kazetaritza ikasteko aitzakiarekin Bilbora joan zen. Igartza bekara aurkeztu eta eman egin zioten. “Aulki bat elurretan” liburua osatu zuen hala (Elkar, 2007). 2006an kazetaritza ikasketak amaitu eta itzultzaile lanetan dabil. Hainbat hedabidetan ere kolaboratzaile ari da, irrati nahiz prentsa idatzian. 2007an Gipuzkoako txapelketako final aurrekoetara heldu zen.
Jon Maia Urretxun jaio zen baina Zumaiara joan zen bizitzera sei urte zituela. Euskal Filologiako lizentziaduna da. Euskal prentsan kazetari eta kolaboratzaile aritu da, iritzi-emaile moduan, idazle lanetan ere aritzen da, eta Euskal Herriko musika talde askorentzat idatzi izan ditu abestien letrak. Karidadeko Benta musika taldeko sortzaile eta abeslaria izan da. Bertsogintza du bere jarduera nagusi baina kultur eragile lanetan ere aritzen da.Bertsoarekin lehen harremana eskolan izan zuen, eta Zumaiako bertso-eskolan trebatu zen. Joanito Dorronsoro bertso-doinu biltzaile eta ikertzailea izan zuen irakasle. 1997an, 2001ean 2005ean eta 2009an Txapelketa Nagusiko finalista izan zen, eta baita Gipuzkoakoan ere 2003, 2007 eta 2015 urteetan.
Pello Ramirez, Ordizian jaioa 1966an. Euskal biolontxelo eta akordei jolea. Euskal Herriko musika eszenan eskari handiena duten musikarietakoa izateaz gain (Benito Lertxundi, Pier Paul Berzaitz, Olatz Zugasti, Xabier Lete, eta abar) konposatzailea ere bada. Bere disko propioen artean Haize oihalak (2005, Elkar) eta Eskuz lurrari (2010, Elkar) ditugu.
Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964).Euskal Filologian lizentziatua da. Haur eta gazte literatura idatzi izan du batik bat, baina, horrekin batera, helduentzat ere idatzi izan du. Itzulpengintzan ere aritua da, eta hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaboratzen du. Hiru aldiz eskuratu du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria: 1997an, Gizon izandako mutila lanarekin; 2006an Pantaleon badoa liburuarekin; eta 2010ean Xia Tenzinen bidaia miresgarria lanarekin. Nabarmentzekoak dira hainbat musikarirekin eskaini izan dituen errezitaldiak (Jabier Muguruza, Pello Ramirez, Mikel Urdangarin, Joserra Senperena...).