Aurrera jarraitzen du Ordizian musika barrokoari eskainitako zikloak. Igande honetan izango da Barroko Aire egitarauaren laugarren kontzertua, herriko parrokia elizan, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Bertan, proposamen interesgarria Kamerata Oiasso taldearekin, Italiara bidaia “Viaggio musicale” kontzertuarekin.

.

Kamerata Oiasso duela gutxi sortu den soka orkestra bat da. Kide gehienak irundarrak  dira eta lotura estua  dute hiriarekin eta bertako jarduera musikalarekin. Taldeak hiriaren antzinako adieratik hartzen du izena: Oiasso.  Kameratako kide gehienak musikari profesionalak dira eta askotan Euskadiko Sinfonikoarekin, Bilboko Sinfonikoarekin, Musikeneko Sinfonikoarekin, Frantziako Euskal Kostaldeko Orkestrarekin, Nafarroako Sinfonikoarekin eta herrialdeko zein atzerriko beste ganbara taldeekin jotzen aritu dira.

 

Programazio anitza eta eklektikoaren bidez, Kamerata Oiassoren proposamen artistikoa  kalitatezko musikaren hedapena bermatzea da, bere esanahi zabalenean. Taldearen xedea kontzertuak eszenatoki tradizionalenetan eskaintzeaz gain, aretoetan ohiko ez diren entzuleengana hurbiltzea da.

 

Kontzertuan Corelli eta Vivaldi musikari barrokoen lanak entzugo ditugu, baita antzinako doinuen oinarritutako Puccini, Respighi eta Nino Rotaren lanak. Italiako zaporeak, usainak dastatzeko aukera Ordiziako Parrokian, igande honetan,  Kamerata Oiasso taldeak bideratuko duen “Viaggio musicala”-rekin.