BERRIKUNTZAK EGUBERRIETAKO PROGRAMAN URTEA AMAITZEKO
Argiterian berriak daude, izotz pista jarriko da, Ordiziako historia laburtu duen liburua aurkeztuko da eta Aspanogiren aldeko jaialdia egingo da
Eguberrietako jaiak ostiral honetan hasi dira egun hauetako argiteria berezia piztuta. Herriko merkatarien eta azokako baserritarren ordezkariek klikatu dute urtarrilaren 6ra arte kaleak eta udal eraikinak argiztatzeko botoia. Arratsaldeak ekintza gehiagorekin egin du aurrera. Egun hauetan Ordizia 750 urteurreneko batzuk ere ospatuko dira. Programa osatzeko Ordiziako elkarte ugarik egiten du lan Udalarekin batera.
Lehenengo eguna osatzeko azoka liburua ireki da (Filipinak,2an) haur parkea jarri da, txu-txu trena ibili da, artearekin birziklatzeko tailerra egin da, San Bartolomeko ermitaren inguruan egindako indusketaren emaitzen berri eman da eta Iragana Orainean euskal jantzien pasarela egin da. Larunbatean txu-txu trena ibiliko da, egun osoan, liburu azoka zabalduko da berriz (9:00etatik 14:00etara) eta Aspanogi elkartearen aldeko dantza, bertsolaritza eta boxeo jaialdia egingo da 19:00etan pilotalekuan. Igandean liburu azokaren azken egun eta 20:15ean Urdanetako Ahotsak eta Emotio abesbatzek kontzertua eskainiko dute.
Gabon aurrekoak
Datorren astean zehar ia egunera dago ekitaldiren bat. Astelehenean erakusleihoen lehiaketa irekiko da, asteartean jaialdia egingo da Zuhaiztin, asteazkenean txistorra lehiaketa ospatuko da, ipuin kontalariaren saioa izango da eta Eguberrietako postal lehiaketako sariak banatuko dira. Ostegunean atsedena hartu eta ostiralean ekingo zaio berriz. Goizean eta arratsaldean jolasak egingo dira, musika eskolako ikasleak kantuz aterako dira, Goazen 5.0 ikuskizuna eskainiko da eta ‘Gure hiribilduko historiaren laburpen bat Ordizia – Villafranca (sXIII-XIX) Breve resumen de la historia de nuestra villa’ liburua aurkeztuko da. Larunbatean nesken saskibaloia, jolasak, Pirritx, Porrox eta Marimotots pailaoak eta Oroith, Andra Mari eta Santa Maria del Coro abesbatzek kontzertua eskainiko dute.
Gabon astea eta azken txanpa
Hilaren 24ean, astelehenean, gabonetako taldeak kantuan irtengo dira. Euskalphotocall-a jarriko da eta Olentzero eta Maridomingo iritsiko dira. 25ean ez dago atsedenik: diana eta Beti Argi bandaren kontzertua iragarri dira. Hurrengo egunean urteko azken asteazkena da eta aparteko azoka berezia egingo da, gazta egileen aitortza eginez. Arratsaldean, haur festa Zuhaiztin eta gazta eta txakolin dastatzea D’elikatuz zentroan (izena emanda). Ostiralean eta ostiralean futbol txapelketa eta ostiralean arratsaldean zumba ikuskizuna.
Aurtengo berrietako bat izotz pista da. Pilotalekuan jarriko da hilaren 30ean eta 32an, haur parkearekin batera, eta baita urtarrilaren 2an, 3an eta 4ean goizean eta arratsaldean.
Gainera, urtea amaitzeko San Silbestreko krossa eta ‘Kattalin’ abesteko Beti Argi eta Laguntasuna errondailaren irteera espero da. Hilaren 1ean bigarren atseden eguna eta hurrengo egunean azoka eta Delikatuzen ‘azatxoaren jokoa’ egun horretan eta segidakoan. Hilaren 5ean, kadeteen futbol txapelketa eta errege kabalgata. Eta Errege egunean Ordiziako Txistularien dianarekin esnatuko da herria. Arratsaldean zinema emanaldia izango dute haurrek Herri Antzokian.
Era berean, gaztelekuak ere programa berezia antolatuko da. Antzerkia, sukaldaritza, ping-pong jokoa, eskulanak, hainbat irteera eta Ordizia Hiri Hezitzailearen inguruko ekintza egingo da. Bestalde, egun horietan saskibaloi kanpusa ere prestatuko da.
Amaitzeko, Barrenan hiru erakusketa egongo da ikusgai egun hauetan. AEK-ren eguberriko postal lehiaketako lanak, Goiart lehiaketara aurkeztutakoak eta Ortzadarrek egindako ‘Ordizia, atzo eta gaur’ retrografika arrakastatsua zintzilikatuko da berriz.
Azpian programa xehetasun guztiekin: