Ostirala honetan, hilaren 15ean, Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren hirugarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Txalo produkzioak aurkeztuko duen "Rita” lanarekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Aktoreak Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza dira, eta zuzendaria Begoña Bilbao. Lanaren egilea Willy Russel da eta euskarazko itzulpena Martin Agirreren esku joan da.Frank, Unibertsitateko literatura irakasleari, ikasle berri bat etorri zaio: Rita, pelukera. Ikasleak, Macbeth taberna baten izena dela uste du eta Hamlet, berriz, zerbeza marka bat. Irakaslea etsiak jota dagoen poeta da, amore emandakoa, baina Ritak ikasteko duen grina asetzeko prest dago. Ikasleak ikastea maite du eta irakasleak maitatzen ikasiko du. Sarritan ikaslea bera izan ohi da irakaslerik onena.

 

Antzezlan honetan, Unibertsitateko heziketa-eredu eta konbentzio guztiak hausten dituen irakasle mozkorti eta anarkiko bat ageri da (Joseba Apaolaza). Irakaskuntzarako dituen arau eta pauta guztiak hankaz gora joango zaizkio, herri txiki bateko neska bat (Aitziber Garmendia) bere klaseetara apuntatzen denean. Ritak bere bizitza goitik behera aldatu nahi du ikasketen bitartez; irakasleak, ordea, arrastoan sartu nahi du ikaslea.

 

Rita antzezlanan, heziketa libreak duen garrantzia goraipatzen da  eta norberak bere bizitzan zehar izandako esperientzia eta irizpideak irakaskuntza prozesuan duten eragina. Azkenean, irakasle/ikasle hartu-eman horren ondorioz, bata zein

bestea nola aldatu eta askatzen diren agerian geratuko da.

 

Willy Russellek duela lau hamarkada idatzitako “Educating Rita” antzezlanaren testua egokitu egin dute Txalo konpainiakoek, hemengo errealitatera testua gerturatuz, gaur egungo egoerara «zintzotasunez» gaurkotuta.

 

Musikak protagonismo berezia du 'Rita' antzezlanean, hamaika eszenatan dago banatuta antzerkia, eta eszena batetik besterako trantsizioa egiteko zer esan zuzena duen musika hautatu da.

 

Joseba Apaolaza eta Aitziber Garmendia azken lana ostirala honetan gaueko 10:15ean Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxean.