TARTEAN TEATROAK GHERO ANTZEZLANA TAULARATUKO DU HERRI ANTZOKIAN
Herri Antzokia- martxoak 1, ostirala, gaueko 10:15ean. / Ostirala honetan, martxoaren 1ean, Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren bostgarren emanaldia izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Tartean teatroak aurkeztuko duen "Ghero” lanarekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin. GHERO: Azken euskalduna, Euskaltzaindia eta TARTEAN TEATROAren arteko elkarlanetik sortzen da, Akademiaren mendeurrenaren harira.
Patxo Telleriak idatzi du dramaturgia eta zuzendaritza Jokin Oregiren eskutik datorkigu. 3000 urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari. Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, ezbada bere biziraupen harrigarria. 3000 urtean euskara egongo al da?
Ghero, kondairen kondaira bat, euskararen biziraupen harrigarriari buruz. Ghero, hizkuntza baten bizirauteko amorrua. Ghero, bizirik irauteko grinari buruzko istorio bat .Hizkuntz preindoeuropear txiki baten biziraupenaren mirariarekiko harridura, miresmena, nahasmena, konplizitatea.
Bederatzi istorio, bederatzi antzerki poema, euskararen planetaren inguruan orbitatzen. Euskarari ez ezik, hizkuntza guztiei egin nahi diete gorazarre, hizkuntza aniztasunari, eta horretarako dozena bat hizkuntza desberdin erabiliko dituzte obra honetan..
Kutsu futurista duen antzezlanak 3000 urtera garamatza eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen du. Guzti hau behar bezala girotzeko Iñaki Salvador pianojole ezagunak lan honetarako espreski sortutako musika konposatu du eta eszenografia Ana Garayk egin du eta, oholtza gainean bost aktore (Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Mikel Martinez eta Patxo Telleria), Tartean Teatroak formato handira egiten duen jauzian.
Koldo Mitxelena idazleak esaten ohi zuen Euskararen misterioa ez zela bere jatorria, bere iraupena baizik. Antzezlan honek mito horren gainean dihardu, euskaldunok gure gain dugun Euskararen iraupenaren zamaz. Eta, Patxo Telleriak idazten dituen gidoi gehienetan bezala, patu horri umorearen bidez heltzen diogu. Bederatzi parabola edota antzerki poema euskararen planetaren inguruan orbitatzen.
Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta, ostirala honetan Ordiziako herri Antzokian. Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean.