OSTIRALEAN “EMAKUMEAK ETA LANA ORDIZIAN (1880-1980): GENERO-IKUSPEGI BAT” LIBURUAREN AURKEZPENA BARRENAN
Eguna: Ostirala, martxoak 22 / Ordua: 19:00etan / Tokia: Barrena Kultur Etxea Datorren ostiralean, Barrena Kultur Etxeko Areto Nagusian, Beatriz Gallego Muñoz ikerlariaren “Emakumeak eta lana Ordizian (1880-1980): genero-ikuspegi bat” liburua aurkeztuko da. Lana IV. Victor Mendizabal bekaren emaitza da.Beatriz Gallego Historian lizenziatua da, baita Antropologia Sozialean eta Kulturalean ere.
Ikerketa honen helburua XIX. mendearen amaieratik hasita XX. mendearen amaierara arte Ordizian emakume langileek izan zuten funtzioa aldarrikatzea da -herriaren industrializazio prozesuan bereziki, baina partaidetza handiagoa izan zuten beste sektore batzuetan ere bai-, herriaren garapen ekonomiko eta sozialari egindako ekarpena ikusgai jartzeko xedez. Horretarako erabili den metodologiak bibliografia eta dokumentazioaren azterketa uztartzen ditu, baina gehien bat ahozko iturriak erabili dira.
Ikerketa bi atal nagusitan egituratuta dago. Lehenengo atala alor ezberdinen garapen historikoari eta horiek emakumeen lan esparruan izan zuten eraginari dagokio: hezkuntza, legedia, sektore ekonomikoak (industriaren garrantzi handia), eta abar. Atal honetako informazioa dokumentazio eta bibliografia iturrietatik jasoa da eta hiru denbora tartetan banatuta dago, XIX. mendearen bigarren erdia, XX. mendearen lehen herena eta gerra zibilaren eta trantsizioaren hasieraren arteko tartea, gutxi gorabehera. Garai bakoitzeko ezaugarri zehatzen behaketa errazteko helburuarekin egin da zatiketa hau, testuinguru orokor batetik abiatuta tokiko errealitatera. Hala, herriko dokumentazioa erabili da garai ezberdinetan Ordiziako emakumeek bizi zuten errealitatea islatzen saiatzeko: erroldak, lan estatistikak, hezkuntza sailaren txostenak, industria erregistroak, argazkiak, eta abar.
Bigarren atala ahozko iturrietan ardazten da eta aurreko atalean jasotako eduki asko indartzen dituzte. Atal honetan, emakumeen zuzeneko testigantzek garrantzia hartu dute emakumeak berak izan daitezen beren kontakizuna eraikitzen dutenak. Gainera, ahal den neurrian, elkarrizketatuak beren aurrekoen (amen, amonen...) ahots gisa jardutea lortu nahi izan da, haien bizipenak ekartzeko, ez daudenen ahotsak berreskuratzeko saiakera bat egin nahi izan da, nolabait. Era horretan, ahozkotasunaren bitartez, direnak eta izan direnak omendu nahi izan dira, iturri ofizialen isiltasuna kontakizun hauen bidez betez. Horrela, lekukotzek eguneroko bizitzako alderdi ugari -ekonomia barne- azaltzen dizkigute, eta horiek belaunaldi ezberdinetako pertsonen ibilbideak uztartzea ahalbideratzeaz gain, agerian uzten dute kontakizunetako protagonistek denboran zehar sexuari lotutako desberdintasun berdinak topatu zituztela eta bidegurutze berdintsuen aurrean hainbat estrategia bilatu zituztela haiei aurre egiteko. Lekukotzei dagozkien lehenengo bi zatiak, informatzaileen arabera emakumeen presentzia handiena zuten sektoreen baitan banatu dira. Hirugarren atalak jarrera eta pentsamoldeekin zerikusia duten zeharkako gaiak bildu ditu.
Liburua ostiraletik aurrera jarriko da salgai Barrenan, Kale Nagusiko kioskoan, Larratxan, D’Elikatuz guenan eta Poligono Manso liburudendan.