ARZAK, D'ELIKATUZEN
Umorea barne, sei zentzumenen bidez egiten den ibilbidea egin daiteke zentroan
D´elikatuz Zentroak “Arzak, mundu osoa 4 koloretan margotua” erakusketa hartu du bertan. Juan Mari Arzak-en figuraren eta goi sukaldaritzaren sentsazioen bitartez Euskal Sukaldaritzan zehar ibilbide bat bere alderdi artistikoenetik. Bost zentzumenak gehi bat jasotzen dituen ibilbidea: ikusmena, dastamena, entzumena, usaimena, eta ukimena eta seigarrena UMORE-SENA.
Erakusketari hasera emango diogu D´elikatuz Zentroko erabilera anitzetako gelan, non gure lurrarekiko gustuari eskainitako gunea aurkituko dugun, oleo gainean Hasier Etxeberriaren testuekin, eta 70. Hamarkadatik 2015era Arzak-en plater esanguratsuenen erakusketa batekin. Arzak-en esanetan munduko beste tokietatik desberdintzen gaituen bakarra lau saltsa dira: satsa gorria edo bizkaitarra, perexilaren saltsa berdea, saltsa zuria edo pil-pila eta txipiroi tintaren saltsa beltza. Arzak-en sukaldeko mahaiaren erreplika baten gainean, Arzak Jatetxeko sukaldeko eguneroko jardunaren zuzeneko grabaketa bat proiektatzen da. Juan Mari Motero eta rockeroa ezagutzeko aukera ere izango dugu, 80. Hamarkadako pop rock musikako binilo disken karatulen bitartez. Munduan zehar egin dituen hainbat bidaietan jasotako sukaldaritzarekin lotutako latorrizko jostailu eta tramankuluak ere ikusgai daude.
Bisitarekin jarraituko dugu lehen solairurako eskailerak igoz, non bere jatetxean izandako jankide famatuen argazkiak eta bizipenen ingurukoak ikus daitezken
Lehen solairuan, EITBk Arzak-en sukaldaritzari buruz 2006an ekoitzitako Hasier Etxeberriaren “El mundo es una casa” dokumentala proiektatzen da. Chillida, Andres Nágel edo Laura Esteve bezalako artistek diseinatutako jatetxeko kartak ere ikus daitezke. Arzak, abangoardiako artearen ezagule ona izaki, beti izan ditu bidelagun diziplina desberdinetako artistak bere sorkuntzak lagundu, nabarmendu edo zabaltzerako orduan.
Jankide gehiagoren argazkiak ikusten jarraitzen dugu, hauetariko gehienak Donostiako Zinemaldiaren altzoan Arzak-enean izandakoak. Horrela bigarren solairura helduko gara, non arrautza frijitu ilara batek (Arzak-en plater gustukoena arrautza frijitua pikilo piperrekin da) gosearen gunera bideratuko gaituen. Bertan Arzak bidelagun duen Zaporeak ONGaren jardueraren berri ematen da, argazki eta bestelakoen bitartez. Bihotzaren ukimena da.
Baino oraindik, erakusketak sorpresatxo bat du gordea, ondoko gela ilun batean. Bertan ardoaren ukimenaren gela aurkituko dugu, askotan nahiago baitugu testura zaporea baino. Orain, erakusketa bisitatzea besterik ez zaizue gelditzen, ekainaren 15 arte D´elikatuzen.