Badator 'Ordizia-Txapeldun' lehiaketa
Bihar, asteazkena, 'Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa ospatuko da asteazkeneroko azokaren altzoan, goizeko 11.00tan hasita Udaletxe azpiko arkupetan. Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2010tik 2019ra) irabazleak lehiatuko dira. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Honako gaztagileak arituko dira lehian asteazkenean: 2010eko irabazle J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Aia) eta 2018 eta aurtengo irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria, Lekaroz).
Hiru gazta hoberenak diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.
Epaimahaiari dagokionez, Jose Juan Castillo lehendakari dutela ondorengo lagunek osatuko dute: Xabier Zabaleta (Aratz jatetxea, Donostia) sukaldaria Jakitea elkartearen ordezkaritzan, Fede Pacha (Donostiako “Luis Irizar” sukaldaritza eskolako irakaslea), Marta Albisu eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), Josema Azpeitia (kazetari Gastronomikoa) , eta Carlos Madrazo, Ordizia Saskibaloia Elkarteko ordezkaria, elkartearen 50. Uuteurrenean.