Julen Arburuak lortu du 'Urrezko Gazta'
Gaur goizean ospatu da Ordiziako Udaletxe azpian XXXII. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa, asteazkeneroko azokaren baitan. Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2010tik 2019ra) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Aurtengo irabazlea Julen Arburua izan da, A izena duen gaztarekin, eta 8,86eko puntuazioa lortu du. Bigarren saria Ordizian gelditu da, Joseba Insaustirena izan da zilarrezko domina, 8,83 puntu eskuratu ostean, eta hirugarren saria ere Arburuarentzako izan da, 8,76eko balorazioa lortuz.
Honako gaztagileak izan dira parte hartu dutenak: 2010eko irabazlea izan zen J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Aia) eta 2018 eta aurtengo irabazlea, Julen Arburua (S.C. Kortaria,Lekaroz).
Hiru gazta hoberenak diru-saria jaso dituzte: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditu dutenez, gainera, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu dituzte lehen hiruek. Lekaroztarrak, lehen sariarekin 8,5eko puntuazioa gainditu duenez, Urrezko Gazta ere eskuratu du.
Epaile lanak egiten aritu dira, Jose Juan Castillo lehendakari dutela, Xabier Zabaleta (Aratz jatetxea, Donostia) sukaldaria Jakitea elkartearen ordezkaritzan, Fede Pacha (Donostiako “Luis Irizar” sukaldaritza eskolako irakaslea), Marta Albisu eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak), Josema Azpeitia (kazetari Gastronomikoa) , eta Carlos Madrazo, Ordizia Saskibaloia Elkarteko ordezkaria bere 50. Urteurrenean.