Barroko Aire. Ordizia

 

Abesbatzen kontzertuek utzitako aho-zapore onarekin, igande honetan hasiko da Ordizian Barroko Aire, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXXIV. ekitaldia. Eta jaialdiak Ordizian segituko du hilabete honetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, 18:30ean guztiak, Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.

Gaur, Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean, Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea eta Migel Zeberio eta Javier Busto zuzendariak egon dira. Bertan, Telleriak nabarmendu du Ordiziako Barroko Aire musika zikloak iza duen eboluzioa: “urtez urte ikusi da Ordizian eta lurraldean zer nolako aukerak dauden musikarientzako eta sortzaileentzako, bai ibilbidea hasteko eta baita jarratzeko ere, egiten duten ahalegina, kaliteta eta esfortzua erakusteko”.

Ildo berean, Adur Ezenarrok agertu du “plazerra eta ohorea” dela edizio berri bat aurkeztea, aurtengoa 34. da. “Barroko Airek hasieratik jarri zituen bi helburuak betetzeko bidean doa. Batetik, lurraldeko taldeei erakuslehio bat jartzea, kalitatea izpide harturik; eta, bestetik, kanpotik maila handiko taldeak ekartzea”.

Javier Busto zuzendariak, bere aldetik, azaldu du “urte asko” zeramatzala jaialdi honetan parte hartzeko gogotsu: “aurten, taldekidea den Debora Herreroren bidez parte hartuko dugu, eta oso gustura gaude ziklo eder honetan parte hartzeko. Emozioz betetako eta alaitasunez jantzitako musika interpretatuko dugu”.

Bestalde, Migel Zeberio hala mintzatu da: “Ordizian bizi zen Pepe Arzelus musikariari omenaldia egiteko aprobetxatuko dugu igande honetako kontzertuan. Konpositore famatuek sortutako lanak ere izango dira entzungai, eta barroko musika XX. eta XXI. mendeko musikekin lotuko dugu. Musikak ez du iraungitze datarik, beti berria izan behar du”.

Musika barrokoa, beraz, udazkeneko protagonista,   punta-puntako interpretatzaile eta taldeak Goierrira ekarriko dituena.

EGITARAUA

ORDIZIA / ELIZA NAGUSIA - 18:30ean

Azaroak 3 – Et Incarnatus Orkestra + Mariví Blasco (soprano). Zuzendaria: Migel Zeberio

Azaroak 10 – Brillant Magnus Quintet

Azaroak 17 – Fabio Biondi , biolin

Azaroak 24- Aquam Lauda abesbatza (ahots zuriak). Zuzendaria: Javier Busto