Fabio Biondi biolinjoleak joko du igandean Elizan
Aurrera jarraitzen du Ordizian musika barrokoari eskainitako zikloak. Igande honetan izango da Barroko Aire egitarauaren hirugarren kontzertua, herriko Elizan, arratsaldeko 18.30etan, doan. Bertan, proposamen interesgarria Fabio Biondi biolista italiarraren aparteko kontzertua Telleman, Biber eta J.S. Bach musikarien lanekin.
Fabio Biondi, Palermon jaioa, Salvatore Cicerorekin hasi zituen biolin ikasketak eta gazte-gaztetik bereiztu zen agertu zuen talentuari esker. Azkar ezagutu zituen eskola barroko berriaren aitzindariak eta horrek musikari buruz zuen ikuspegia aberastu zuen, bere karrera behin betiko markatuz. hamabi urte zituela hasi zuen nazioarteko bere karrera RAlren Orkestra Sinfonikoarekin bakarlari gisa emandako kontzertu batean. Hamasei urte zituela Vienako Musikvereinek gonbidatu zuen Bachen biolin kontzertuak jotzera. Harrezkero zenbait ensemblerekin lan egin izan du, hala nola, Cappella Real, Musica Antiqua Wien, Seminario Musicale, La Chapelle Royale eta Les Musiciens du Louvrerekin (sortu zenetik). Horiek denak musika barrokoaren interpretazioan espezializatuak dira, eta jatorrizko teknikak eta musika tresnak (edo haien kopiak) erabiltzen dituzte.