Ordizian garatuko da 'Harimakilatik ihesi' egitasmoa
Iritsi da Harimakila egitasmoa Ordiziara. 2014an, Harimakila ekimen artistikoa Gasteizen sortu zen helburu honeki: Asian, Latinoamerikan eta Afrikan, ehungintzan lan egiten duten langileek pairatzen duten giza eskubideen urraketa plazaratu eta esperientzia artistiko baten bidez, norberak, langile horiek dituzten baldintzak lehenengo pertsonan bizitzea. Kontsumo eta ekoizpenaren inguruko begirada kritikoa aktibatzea bilatzen da. Aurkezpenean izan dira Maite Alonso Cuadrado, Setem Hego Haizea-tik, Maider Sagredo, Calcuta Ondoan-etik, eta Udal ordezkariak: Adur Ezenarro alkatea eta Maitane Alvarez alkateordea.
“Guretzako ohore bat da halako ekimena Ordizian egiteko aukera izatea; guztiok hausnartu behar dugu gure erosketa ohituren inguruan, eta are gehiago horien atzean zer dagoen. Horregatik animatzen ditut herritarrak esperientzia honetan parte hartzera, guztiok ikasteko balioko du eta”, azaldu du Ezenarrok.
2020an, Harimakilaren hasierako ideian oinarrituz, “Harimakilatik ihesi” egitasmoa sortu da. Ekimena Begirada Kontzienteak programaren barne kokatzen da, non kontsumo arduratsua eta pedagogia feministak sustatzen diren. Baina, zer da zehazki?
Ihes gela antzeko bat, jolas bat, esperientzia bat, froga bat... Ordizian bakarrik egongo da esperientzia hau bizitzeko aukera, irailaren 24tik azaroaren 28a bitarte. Epe horretan, 88 taldek soilik izango dute parte hartzeko aukera.
Zer egin behar da abentura bizitzeko? Talde bat sortu (2-5 pertsona), erreserba egin www.harimakila.org, Harimakila-tik ihesi-ra etorri (Cartonajes Nadal, Herri Antzokia, Ordizia) eta frogak pasa eta erronkei aurre egin denboraren aurka. 60 minutu izango dira ihes egiteko. Erreserba beharrezkoa da, eta doakoa da. Musukoaren erabilera, berriz, derrigorrezkoa.
Asteazkenetik ostiralera: 17:00 eta 18:30; larunbatetan: 12:30, 17:00 eta 18:30ean.
Harimakilatik Ihesi elkarlanaren ondorioz sortu da.
- Lan taldea: Calcuta Ondoan ONG, Ikertze, Setem Hego Haizea, Juntura arkitektura kooperatiba eta Experientziako kideak eta Ordiziako Udala.
- Babesleak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Garapenerako lankidetzaren Euskal Agentzia.
- Herriko ekimen eta dendak: Urrup Antzerki taldea, Oskarbi Oinetakoak, Marta Art , Vicuña sport, Bi Love arropa denda, Lua Basque Boutique, Lena lenceria y complementos, Intersport Urrutia , GEÊ shops, Arantxa Mertzeria-Lentzeria , Olatz mercería, Amatriain frutak , Sustrai fruta-denda, Tejidos El Kilo, Ordiziako Azoka, Kutixi, Goi Garbi garbiketak, Sasieta Mankomunitatea, Palets Beñat (Urnieta), Jositajosi (Donostia), Emaus Gizarte Fundazioa (Irun-Donostia), Uhinak (Zarautz), Pikor Teatro (Arraia-Maeztu), Eskenitek (Arraia-Maeztu).