'Ongi etorri eskolara', kulturarteko harremanak bultzatzeko
Proiektuaren helburua Eskolan izena eman duten eta beste lurraldeetan edo erkidego autonomoetan jatorria duten familiei laguntza ematea da.
‘Ongi Etorri Eskolara’ proiektua berriz ere Ordizian garatuko da, iazko urteko esperientzia ona dela eta. Kultura arteko eredu pedagogikotik, eta eskola komunitate osoaren inplikazioaren bidez eskolan aniztasun kulturala eta honek sortzen dituen abantailak lantzeko egitasmoa da hau. “Iazko kasuan, Familia Laguna programan 40 familiak parte hartu zuten; 20 bikotek. Aurten, berriz, 34 familiak parte hartuko dute”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Alde batetik, berdintasunezko bizikidetzan, familia guztien inklusio prozesua aurrera eramaten lan egiten da. Bestetik, familia hauei, euskara eta euskal kultura, beraientzako aukera bat bezala eta ez gainditu beharreko oztopo bat gehiago bezala, ikus arazten. Horretarako, eskola osatzen duten kultura guztiak balioztatzea beharrezkoa da. Berdintasunezko baldintzetan hurbileko erlazioak sortu daitezen. Bai jasotzen duen kulturak eta baita etortzen den kulturak ere sendo egon behar dute, batak bestearengandik ikasteko, norberak berea galdu gabe. Eta eskola guzti hau lantzeko eremu pribilegiatua da.
“Ongi etorri eskolara” proiektuak Urdaneta Eskolan eta Jakintza ikastolan kulturartekotasuna lantzen du. Eskola osatzen duten kultura guztiak ahaldunduz, jatorria beste herrialde batean duten kulturetako familiak euskarara eta euskal kulturara gerturatuz. Horretarako, ikasle, irakasle, irakasle ez diren langileekin eta familiekin lan egiten da. Azken hauek izaten dira gehienetan eskolan kulturartekotasuna lantzen denean, lanketa honetatik at geratzen direnak, baina aldi berean, hezkuntza prozesua eta bizikidetza lantzeko nahitaezko zati dira. Familiekin egiten den esku-hartzeak, eskolan aurrera eramaten den kulturarteko esku-hartze eta sentsibilizazioa eremu komunitariora zabaltzea dakar, auzoetan, udalerrietan edo/eta hirietan.
Familia laguna
“Ongi Etorri Eskolara” proiektuaren barruan gauzatzen den programetako bat “FAMILIA LAGUNA” programa da. Honek eskolan matrikulatzen diren beste herrialde batzuetako familia emigratuak, adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldun boluntarioekin harremanetan jartzen ditu. Familia hauek, boluntario aurkezten dira konfiantzazko harreman bat eraikitzeko, gizarte eta hezkuntza arloko ibilbidea egiten ahalbidetuko diena, alderdi hauei dagokienez: ikastetxeko informazioa, auzoko eta udalerriko baliabideak, familia etorri berriaren sare sozialak zabaltzea eta haiek euskarara hurbiltzea, eskolan eta komunitatean aukera-berdintasunaren bideratzaile gisa.