AHOZ AHO JAIALDIA- JOXE ALDASORO IRABAZLE VIII. AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETAN
Barrena jauregiko aretoa izan zen AHOZ- AHO jaialdiko gala nagusiaren eta VIII Ahozko Narrazioaren Lehiaketaren gune. Bertara jende ugari gerturatu zen eta bertan sortu zen giro onaren konplize izan ziren.
Martxoaren 7an hasi zen lehiaketa Ordiziako D´elikatuz gunean eta ondoren pandemiarengatik jaialdia bertan behera gelditu zen. Lehiaketan izen eman zuten 6 partaideetatik 3 pasatu ziren finalera, Ester Poveda Quiles, Ane Arrugaeta Tome eta Joxe Aldasoro Jauregi. Beraiek eman zioten hasiera galari, euren narrazioak bertaratutako publikoarekin partekatuz.
Segurtasun arrazoiengatik aurten ez zen publikoaren botorik izan eta azken epaiketa Ane Gebarak, Arrate Leundak eta Ainhoa Jimenezek osatutako epaimahaiaren esku egon zen.
Botoak zenbatzen ari ziren bitartean, epaimahaikideak eta May Gorostiaga aurkezlea pasa ziren oholtzatik, eta entzuleek narratzaileen lan onaz gozatu zuten.
Zenbaketa egin ondoren, emaitzak hirugarren postua eman zion Gasteizko Ester Povedari, bigarren Berrobiko Ane Arrugaetari eta VIII. Narrazio Lehiaketaren irabazlea Etxarri-Aranatzeko Joxe Aldasoro.
Giro polita ipuinak entzuten, ikusleen artean gozatu izanaren aurpegiak nabari ziren eta ipuin gehiago entzutearen gogo grina piztua ere bai. Ba al da AHOZ- AHOko jaialdiaren aurtengo edizioari bukaera emateko modu hoberik?
Antolatzaileek bereziki eskertu nahi die Ordiziko eta Tolosako Udalei urte berezi honetan egindako esfortzuagatik eta emandako babesagatik.
Kultura segurua da. Ipuinak ez dira geldituko...