PEZ LIMBO-k “HARRI ORRI AR” ANTZERKI LANA AURKEZTUKO DU OSTIRALEAN HERRI ANTZOKIAN
Kultur agendak "Harri orri ar" obra ekarriko du ostiral honetan Herri Antzokira, martxoan bertan behera geratu zena pandemiagatik. Euskal gatazka du oinarrian Pez Limbo taldeak sortu eta taularatuko duen “Harri orri ar” antzezlanak. Gatazka bera, eta hark iritzi publikoan sortutako mesfidantzak, beldurrak eta kezkak. Agertokian sortutako elkarbizitza ariketa bat da, finean, zeinean gertakariak eta testigantzak aurrez aurre jarriko diren. Errealitatea eta fikzioa; bietatik du lanak, eta modurik gordinenean uztartzen ditu biak.
Lanak 2010eko irailaren 5a du abiapuntu. Egun hartan, ETAk su-etena iragarri zuen BBC kateari helarazitako ohar baten bidez —eten hura behin betikoa izango zen gerora—. Iraileko egun hura, ordea, ETAren amaieraren aurrenekoa izateaz gain, elkarbizitzaren aro berriaren lehena ere izan zen. Izan ere, Maria Goirizelaia antzezlanaren sortzailearen eta zuzendariaren hitzetan, euskal gizartearen gehiengoak egun hura gogoratzen badu ere, «ez da hitz egiten» gertaera haren inguruan. «Zergatik ez dugu hitz egiten politikaz gure ingurukoekin? Zergatik ez dugu esaten nori bozkatzen diogun? Zergatik ezkutatzen dugu oraindik norberaren ildo politikoa Euskal Herrian?». Galderak ditu abiapuntu lanak, eta galdera berri gehiago ekarri nahi ditu hizpidera.
Goirizelaiak idatzitako testua itaun horietatik abiatzen da, eta pentsaera politiko ezberdinak dituzten zazpi lagunen bitartez harilkatuko da istorioa. Iñake Irastorza, Nagore Gonzalez, Martxelo Rubio, Josune Velez de Mendizabal, Haizea Baiges, Jontxu Martinez eta Egoitz Sanchez arduratuko dira pertsonaiak horiek hezurmamitzeaz.
Euskadin, eskola baten jolastokian. Zazpi lagun ari dira jolasten. Ez dute elkar ezagutzen baina bertan daude, gune berean... arrazoiren batengatik. Hau da Harri orri arren hasiera, sekulan hitz egiten ez dugunaz hitz egiten duen ikuskizuna: euskal kontaketa, bakar bat ez dena, askotarikoa baizik, non oraindik beldurra baitagoen gure jarrera politikoa ezagutarazteko, odolak zer esana duen herrialde batean.
Sarerak salgai Barrena Kulturt Etxean