Ostiralean Benetan Be antzerki taldea Herri Antzokian
Ostirala honetan, martxoaren 5ean, Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren bostgarren emanaldia izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Benetan Be antzerki taldeak aurkeztuko duen “PORNO VS AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu)” lanarekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.
“Heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzerkia» da Patricia Urrutia aktore eta sortzailearen hitzetan 'PORNO vs AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu)' lana.
Belaunaldi ezberdinetako pertsonek, sexuaz eta sexu heziketaz hitz egiterakoan ditugun trabak antzekoak direla ohartuta, eta egun, batik bat gazteenen arten pornoaren kontsumoak duen pisuaz arduratuta ekin zioten Benetan Be antzerki taldean obra honen sorkuntzari.
Umore klabean eta musikaz lagunduta, heldu zein gazteek ikusi eta gozatzeko lana da, guztiok zailtasun berak partekatzen ditugula ohartu, eta soseguz jaso eta ematen dugun heziketa sexual eta afektiboaz hausnartzera gonbidatzen gaituena.
Patricia Urrutia, Juanjo Otero eta Jon Zumelaga aktoreak dira oholtza gainean ikusiko ditugunak. Gaztetxe batean, horren gazte ez diren musika talde baten agur kontzertua aitzakiatzat hartuta, belaunaldi ezberdinetako pertsonaiak gorpuztuko dituzte hiru aktoreek. Patricia Urrutiaren hitzetan, helburua gurasoek seme-alabek ikusteko modukoa dela pentsatzea da, eta alderantziz, seme-alabek ikusiz gero hauek gurasoentzat gomendagarri iriztea.
Benetan Be konpainiaren bigarren ikuskizun hau publiko gazteari eta ez hain gazteari zuzenduta dago, eta gure ezintasunak, atsekabeak eta sexu- eta afektibitate-ergeltasunak partekatzeko eta elkarrekin barre egiteko asmoa du. Hori guztia, zenbait gaitzen dimentsio kolektiboak gizaki hilkorren bizkar gaineko zama arinduko duelakoan.
Hainbat zalantza, grina, ezintasun aseezintasun eta beste horrenbeste ergelkeri sexual eta afektiboez elkarrekin barre egiteko lana, ostiralean Herri Antzokian. Sarrerak salgai Herri Antzokian eta Kutxanbak-sarrerak web orrian.