Ahoz Aho lehen saioa larunbatean Barrenan
Barrena Kultur Etxea .Martxoak 6 – Larunbata 17:00 Itziar eta Joxan (E.H.) + Jhon Ardila (Kolonbia). Aforo mugatua gonbidapenarekin.Gonbidapenak Barrenan Kultur Etxean
Beste urte batez heldu da Ordiziara AHOZ AHO Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Datorren larunbatetik hasita hurrengo ostiralera arte, kontakizunek Ordizia herriak hartuko dituzte, jaialdiaren izpiritu bidaia zalea piztuz. Nahi hori aurtengo kartelean bertan islatu dute, bapore bat airean irudikatuz puztutako kalabaza bati helduta; horrela, antolatzaileek bidaiatzeko gonbita egiten digute: eta istorioz jositako sareetan nabigatuko bagenu gure irudimenak hegan egin dezan?
Urtero bezala, Euskal Herriko artistekin batera, kanpotik heldutako kontalariak euren sormen lanak aurkeztuko dituzte. Nazioarteko artista gonbidatuak Hegoameriketatik heldu dira aurten eta Ordiziara bi narratzaile gerturatuko dira, Ruben Martinez venezuelarra, eta Jhon Ardila kolonbiarra. Beraiekin batera dozenatik gora artista euskaldunak. Guztien artean programazio zabala eta interesagarria osatzen dute, gerturatuko den publikoa liluratzeko asmoz.
Larunbatean izango da Barrenan jaialdiaren lehen emanaldia, bertan Euskal Herriko Itziar eta Joxan, Jhon Ardila kolonbiarrarekin batera. Saio familiarra izango da, arratsaldeko 17:00etan, sarrera dohan izango da eta aforoa mugatua denez gonbidapenak Barrenan bertan eskuratu daitezke.
Jhon Ardila ipuin kontalari kolonbiarra da. Sevillan bizi da 2009tik, ahozko narratzaile gisa egiten du lan bertan, eta ahozkotasunari eta esku-hartze sozialari buruzko proiektu ikertzaileak eta praktikoak egiten ditu. Ipuin-kontalari gisa Kolonbia, Venezuela, Espainia eta Europako areto, zirkuitu, jaialdi eta antzokietan parte hartu du, askotariko gaiak jorratzen dituzten ikuskizunekin, publiko guztiarentzat. Gizartean esku hartzeko ekimenak garatzen ditu, ipuinen bidez, hainbat kolektiborekin (etorkinak, emakumeak, haurrak, gazteak, ijitoak, etxerik gabeak, besteak beste).
Itziar Saenz de Ojer donostiarra “Bazen behin” clown taldeko aktorea izateaz gain, ipuin-kontalari, pedagogo, sexologo eta hezitzailea ere bada. Larunbateko emanaldian “Kontu konta kantaldia” ipuin musikatua eskainiko du Joxan Arruerekin (gitarra) eta jolas bat proposatuko dute ipuinak abestia bihurtu edo abestiak ipuin…
Ahozko narrazioaren lehen hitzordua larunbatean Barrena Kultur Etxean. Datorren astean, asteartean, bigarrena izango dugu Barrenan ere, Doro Zobaran narratzaile bizkaitarrarekin.