DANBORRADAREN 100 URTE. BILERA DEIALDIA ETA ARGAZKI BILKETA
Batzorde bat eratu nahi du ordiziar talde batek mendeurreneko ekitaldiak antolatzeko
Ordiziako danborrada ordiziar gehienok barnean daramagun jairik garrantzitsuenetakoa da zalantzarik gabe, eta aurten bere mendeurrena beteko du, nahiz eta bere jatorriari buruzko zalantzak egon. Herriko Patxi Garmendia "Mendigar"ek 1988 urteko Santa Ana aldizkarian horri buruz honakoa idatzi zuen: "ez dagoela Danborradari buruzko berariazko erreferentziarik 1913an gaur egun hitzak berak duen esanahia zehatzarekin, baina urte horretan antzeko ekitaldi edo ikuskizunen bat antolatu zen adineko pertsonek gogoan gorde baitute egun hori.
"Eta agian, -Mendigarrek darrai- 1913ko Santiago egunean iluntzean antolatu zen ekimen batean aurkitu dezakegu erantzuna. Garaiko kronikek diotenez, egun horretan prozesio handi bat egin zuten Santa Anaren irudi berriarekin, jantzi berri eta ederrak estreinatu zituzten eta 300 argi-zuzi baino gehiago atera zituzten. Hurrengo urtean ez zuten ekitaldia antolatu, baina azpimarratzeko modukoa da "La Voz de Guipúzcoa" egunkarian Ordiziako berriemaile zenaren iruzkin barregarri bat; bertan, bozeramaileak herriko parrokoari gomendatzen dio ez uzteko lebitadun elizgizonei prozesioak antolatzen, izan ere, kronikagilearen iritziz, umeak alabarderoz, kardinalez... jantzita ikusita amek gozatu egiten zuten baina prozesioan bertan lekuz kanpo zeuden. Eta hemen dago gakoa. Argi-zuziak daramatzaten pertsonak, alabarderoz, kardenalez mozorrotutako umeak, gehiago dirudi ikuskizun herritar erlijioso bat, prozesio bat bera baino, zentzu zorrotzenean". (jatorrizko testuaren itzulpena)
Baina urte horietan, 1917-18an, hasierako urratsak eman ziren gaur egungo danborradara iritsi arte, oso ordiziar sentitzen zen donostiar batek sustatu zituen, Joaquín Pascual Echeverríak, hain zuzen ere.
Oroimenean geratu da 1922 urteko danborrada, izan ere, ikuskizun hartan 400 konpartsistek parte hartu zuten.
Danborradaren mendeurrena ospatzeko ordiziar talde batek Udalaren laguntzaz mendeurreneko ekitaldiak antolatzeko batzorde bat eratu nahi du, eta une gorenena uztailaren 24an izango da. Eta Batzorde hau martxan jartzeko bertan parte hartu nahi duten pertsona eta erakundeei egiten zaie deialdia, eta bilera, datorren asteartean, hilak 15, izango da arratsaldeko 6:30ean Barrena Kultur Etxean.
Batzordeak aurreikusten duen jardueretako bat da argazki eta ikusentzunezko dokumentuen erakusketa (bideoak, pelikulak...) antolatzea, hor barruan sar daitezke danborradarekin loturaren bat izan dezaketen beste material batzuk ere.
Hori dela eta, erakusketan aurkez daitezkeen bestelako argazki eta dokumentu batzuk jasotzeko deialdia ere egiten da. Material hauek dituzten herritarrek Barrena kultur Etxean (943805630 tfnoa.) utzi ditzakete, eta han digitalizatuko dira eta agirien kopiak egingo dira berehala itzuliz.
Batzordeak eskerrak ematen dizkie une honetatik aurrera beraien argazki bilduma zaharrei hautsa kendu eta Ordiziako Danborradaren argazkiak bilatzen hasten diren horiei.