Lehendakari Gaia antzezlana, ostiralean
Ostiral honetan, hilaren 21ean, Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren lehen saioa izango dugu ikusgai Ordizian, eta oraingo honetan Txalo konpainiak “Lehendakari gaia” lana aurkeztuko du, Iker Galarza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin. Emanaldia 20:30ean eskainiko da.
“Lehendakari gaia” Ramon Madaularen testu bat da, Martin Agirrek euskaratua eta Begoña Bilbaok zuzentzen duena. Oholtza gainera igoko direnak Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga dira, lehena lehendakari gaiaren paperean eta bigarrena, aldiz, psikiatra gisa.
Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldia eta hitzaldia eman beharrak aurpegian gestu (tik) arraro, barregarri eta aguantaezina eragin diote hautetsiari. Kendu ezina. Ekitaldi nagusia izorratzeko arriskua dago. Arazoa bideratzeko psikiatra bat ageriko da eta ondorioz, bien artean berriketaldi dibertigarri eta nahasgarri bat sortuko da.
Zer du bakoitzak ezkutatzeko? Zein dira bakoitzaren benetako motibazioak? Atzera begiratuta, bizitzan zerk ekarri ditu dauden lekura? Eta batez ere, bata zein bestea, euren eginkizunetan bokaziodunak al dira?
Ramon Madaularen komedia bikain baten egokitzapena da honakoa, poltronaren atzetik dabilenaren gabeziak agerian uzten dituena. Egileak dioenez, beti sentitu da kezkatuta "norbait bere herrialdeko presidente izatera bultzatzen duten benetako motibazioak zeintzuk diren jakiteagatik; herritar gehienok baztertu egingo genuke erantzukizun hori". "Susmoa dut, botere-handinahiaz edo mundua hobetzeko irrika legitimoez gain, hautagaiak berak ere ezagutzen ez dituen beste arrazoi batzuk ere badaudela", gaineratu du.
Pertsona bat herrialde baten buru izatera bultzatzen dituen motibazioei buruzko hausnarketa bultzatzen du lan honek, botere-pertsona horrek handinahiaz edo mundua hobetzeko izan dezakeen nahaiaz haratago. Erantzukizun hori herritar gehienok saihestu egingo genuke, ziur.
"Lehendakari gaia" pieza komikoa da, eta bertan, herrialde bateko presidenteak inbestidura-hitzaldia egin behar duen egunean horretara bultzatu duten benetako arrazoiak ezagutzen ditu.
Emanaldia erdi mailako puntu interesgarri batean kokatzen da, eta ironia finez irribarre eginarazten du, non publikoa pozik irteten den antzokitik, obra erraza, mezuarekin, publiko guztiarentzat. Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean eta egunean bertan Herri Antzokian.