'Flamenco etxea 2' kontzertua eskainiko da Herri Antzokian
Ostegun honetan, hilak 13, Ordiziako Udalak antolatutako Bizi Musika zikloak “Flamenco etxea 2” kontzertua aurkeztuko du Herri Antzokian 19:30etatik aurrera.
Gorka Hermosa soinujolearen urretxuarra eta José Luis Montón flamencoko gitarra-jolearen “Flamenco etxea 2” proposamen originala aurkeztuko dute, Mariana Collado dantzariak lagunduta. José Luis Montón eta Gorka Hermosak flamenkoaren eta euskal musikaren arteko fusio bitxi eta originala proposatzen digute, beren konposizioetatik hasi eta euskal gai tradizionaletaraino doana. “Flamenco etxea” duela hamaika urte argitaratu zuten eta arrakasta izan zuen. Mundu osoko aretoetan jo zuten eta kritika bikainak jaso zituzten. Oraingo honetan ere flamenkoaren eta euskal kulturaren arteko fusio originala egin dute, maila goreneko kolaborazioekin.
Luxuzko hirukote honek unibertso magiko batera garamatza. Montón euskal gai tradizionalei eta konposizio propioei bere flamenko ikutu pertsonala ematen die, eta melodia hauek Gorka Hermosaren akordeoiaren konposizio eta akordeen artean bidaiatzen dute.
Gorka Hermosak bere instrumentua irauli du, 4 aldiz urteko akordeoirako konposizio onenaren saria jaso du CMA (Soinujoleen Munduko Konfederazioa) erakundeagatik. 2019. urtean New Yorkeko Accordion Stars aldizkariaren makroinkesta batean munduko 10 akordeoi jotzaile hoberenen artean hautatu zuten, 126 herrialdetako 27.000 pertsonek parte-hartutako inkesta batean. Era berean, CIA-IMC UNESCO Konposizio Saria irabazitakoa da 2013. urtean, baita Soinujoleen Munduko Elkarteak ematen duen urteroko konposizio onenaren saria bereganatu ere. Akordeoilari gisa mundu osoan hainbat kontzertu eskaini izan ditu: Txinaz gain, Iranen, Errusian, Amerikan eta Europako herrialde gehienetan musika emanaldiak atondu dituelarik.
José Luis Montón flamenkoaren historiako gitarra-jotzaile handienetako eta originalenetako bat da. Munduko world music disketxe garrantzitsuenarekin (ECM) disko bat grabatu duen estatuko musikari bakarra da. José Luis Montónen musika-proiektuek Flamenkoari begirada argia ematen diote beti, bere konposizioetan distira eta gitarraren ezagutza bikaina uztartuz. Bere musikak, beti kolorez beterik, bihotza, edertasuna eta erritmoen ezagutza biltzen ditu, ez bakarrik flamenkoak, baita arimarenak ere.
Hermosa eta Montonekin batera Mariana Collado dantzaria arituko da. Interprete eta koreografoa izateaz gain, artista gonbidatua da nazioko eta nazioarteko jaialdi askotan.
Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean eta ostegunean bertan Herri Antzokian.