Abesbatzen kontzertuak Ordizian
Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatuta, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa aprobetxatuz, Ordiziako Parrokiara itzuliko dira abesbatzen kontzertuak, Barroko Aire Jaialdiaren XXXVII. edizioaren atariko gisa. Ordiziako eta Goierriko publikoak bi abesbatza talderen ahotsekin gozatzeko aukera izango du, kalitate maila egiaztatua duten taldeak.
Kontzertu-egunak honako hauek dira:
- Urriak 30, igandea, 18:30ean. Ad Libitum Ganbera abesbatza (Valentzia)
- Azaroak 2, asteazkena, 20:00etan: Kieveko Sophia Ganbera Abesbatza (Ukraina)
Valentziako Quarte de Pobleteko Ad Libitum taldea emango dio hasiera zikloari igande honetan, arratsaldeko 18:30ean Parrokian. Escola Coral Veus Juntes (Quart de Poblet, Valentzia, 1983) proiektu pedagogiko aski zabala da, kantu koralerako prestakuntza ematen duena lau urtetik hasita. Gaur egun, sei abesbatzatan banatutako ehundik gora haur, gazte eta helduk osatzen dute proiektu hau.
Escola Coral zentroko ganbera-abesbatza Ad Libitum da, prestakuntza musikal eta bokal sakona duten gazteek osatua. Talde honen errepertorioak askotariko piezak biltzen ditu bere baitan, polifonia klasikotik hasita XXI. mendeko sorkuntzetaraino. Kontzertuak eskaini ditu auditorio garrantzitsuetan nahiz espazio historikoetan, esaterako, Manzanares El Real gazteluan (Madril) edota Erromako Santa Maria del Popolo basilikan (Italia). Abesbatza egoiliarra izan zein Early Music Morella jaialdian (2019) Marco García de Paz zuzendariaren esanetara, eta baita ere Acadèmia de Capella de Ministrers jaialdian. Palmares oparoa du, nazioarteko sari garrantzitsuenetako batzuk irabazi baititu, hala nola, Espainiako Kantu Koraleko Sari Nagusia (2017); lehen saria, publikoaren saria eta FIRACOR sari berezia Cocentainako Certamen Coral Fira de Tots Sants lehiaketan (2015 eta 2016), eta lehen saria Ejea de los Caballeroseko Abesbatza Lehiaketan ere.
Duela gutxi, kontzertu-bira bat eskaini du Tomás Luis de Victoriaren Requiem obra interpretatuz, Musica Ficta taldearekin batera eta Raúl Mallavibarrenaren zuzendaritzapean. Bere lehen diskoak –Essència- Publikoaren Saria irabazi du “Carles Santos de la Música Valenciana” sariketan. 2018. urtetik, Francesc Gamón Olmo da musika-zuzendaria, eta 16 neskak eta 16 mutilek osatzen dute taldea. Kontzertuan Elberdin, Tomas Luis de Victoria, Juan Bautista Comes eta Josef Rheinberger musikarien lanak izango dira lehen zatian eta folkloreari eskainitako bigarren zatian Ondarra, Guridi, Xabier Sarasola eta Anton Garcia Abrilen lanak.
Eta asteazkenean, kasu honetan kontzertua 20:00etan izango da, Kieveko Sophia Ganbera talde ukrainiaren txanda. Kieveko “Sophia” gazteen ganbera-abesbatza Ivan Bogdanov zuzendari gazteak sortu zuen, 2008an. “Sophia” koruak Lasso-ren, Monteverdi-ren eta Errenazimentuko beste konpositore batzuen motete eta madrigalak abestu ditu Ukrainiako hainbat hiritan. Arian-arian beren errepertorioa zabaldu, eta 2009ko Pazkoan Mykola Leontovich-en lanak abestu zituzten.
2010. urtearen amaieran, Alexey Shamritsky gaztearen esku geratu zen abesbatzaren zuzendaritza, oraindik Ukrainiako Musika Akademia Nazionaleko ikasle zenean. 2010eko azaroan Sviridov-en bi kantata abestu zituzten (“Songs of timelessness" eta Night Clouds), Ukrainiako herri-abestiei buruzko tratamendu sorta bat. 2011ko irailean lehen diskoa grabatu zuten, Liturgy, hainbat errusiar musikagileren lanak barne: Rachmaninoff, Tchaikovsky, Arkhangelsky, Chesnokov, Schnittke eta beste zenbait. 2012tik, abesbatzak abesbatza jaialdi eta topaketetan parte hartu ohi du: besteak beste, “KIEVMYUZIK fest”, “Pazko Topaketa”, etab. 2013an, Sophia abesbatzak lehen saria irabazi zuen “Victoria” Nazioarteko Ahots eta Abesbatza Lehiaketan (2013ko maiatza). 2014ko maiatzean berriz ere irabazi zuten lehen saria, XXXIII. “Hajnówka” Musika Ortodoxoko Nazioarteko Abesbatza Jaialdian. 2016ko uztailean, Nazioarteko 27. “Béla Bartók” Abesbatza Lehiaketan aritu ziren, Debrecen-en (Hungaria); bertan, lehen saria irabazi zuten ganbera-abesbatzen kategorian, baita zuzendari onenaren diploma ere. 2017 eta 2019an, Goriziako (Italia) "Seghizzi" Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako Sari Nagusia irabazi zuten.
Hitzordu bikoitza beraz, igandean eta asteazkenean Ordiziako Eliz Parrokian, azaroko igandeetan ospatuko den “Barroko Aire” programaren aperitibo gisa.