Kea Ahots taldeak eta Iñaki Salvadorrek zabalduko dute Barroko Aire zikloa
Abesbatzen kontzertuek utzitako aho-zapore onarekin, igande honetan hasiko da Ordizian Barroko Aire, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXXVII. ekitaldia. Eta jaialdiak Ordizian segituko du hilabete honetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.
Eta zikloa zabaltzeko igande honetan, arratsaldeko 18:30ean, Ordiziako Parrokian, Kea Ahots Taldea eta Iñaki Salvador (piano) entzuteko aukera izango da, “BachJazz - Bach Inmortal” programarekin.
Kea ahots taldearen eta Iñaki Salvador piano-jotzailearen arteko lankidetza proiektua da BachJazz, Iñaki Salvadorrek berak moldatutako Johann Sebastian Bach-en lanetan oinarritua. Barrokoaren bokaltasunaren eta Iñaki Salvador pianistaren hizkera jazzistikoaren arteko fusio programa. “Jesu, meine Freude” bachiar motetearen berrirakurketa batean zentratua.
Iñaki Salvadorrek (Donostia, 1962) Piano, Akordeoi, Harmonia, Kontrapuntu eta Fuga ikasketa klasikoak egin zituen, besteak beste, Jesús González Alonso eta Francisco Escudero García de Goizueta maisu ospetsuen eskutik. Bere pasioetako bat jazza da, modu autodidaktikoan esperimentatzen hasi zen estiloa. Ondoren, Zé Eduardo, Dave Liebman, Richie Beirach, Lluis Vidal, Billy Hart eta Roc McLlure bezalako nazioarteko artisten eskola magistraletara joan zen. Gainera, Bartzelonako eskola ezagunetan trebatu zen, hala nola Musics Tailerrean edo Musika Moderno eta Jazz Gelan.
Salvadorrek piano-musikarekiko eta Bachen obrekiko zuen grinatik sortu zen inprobisazioan oinarritutako programa hau, konpositore alemaniarraren aukera amaigabeak ezagutzeko. “Bach-Jazz”-en soinu unibertsoak musika klasikoa eta jazza uztartzen ditu, Bachengana hurbiltzeko modu berri bat eskainiz.
Kea Ahost Taldea estatuko abesbatzen artean, ganbera-koru erreferenteetako bat da. Enrique Azurza zuzendariak 1997an sortu zuen, XX. eta XXXI. mendetako koru-errepertoriotik gutxien jendarteratutako harribitxiak interpretatzeko, euskal egileetan arreta berezia jarrita. Musika garaikideari bizkar eman gabe, azkenaldian Errenazimenduko eta Barrokoko polifoniara hurbildu da hainbat proiektuekin: Bach, Tomás Luis de Victoria, Monteverdi, AlonsoLobo, Duarte Lobo eta Gregorio Allegri konpositoreen obrekin.
Barroko airekin hitzordua, igande honetan Ordiziako Parrokian eta aukera ezin hobea Iñaki Salvadorrek eta Kea Ahots Taldeak eskainiko dituzten lanak entzuteko.