"Aurten ere, oso pozik gaude Antzerki Garaia programa aurkezteko aukera dugulako. Beste behin, punta puntako antzerkiak ekarriko ditugu Beasain eta Ordiziara, eta publikoak horietaz gozatzeko aukera izango du", zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Urtarrilarekin batera Ordiziako Herri Antzokiak eta Beasaingo Usurbe antzokiak euren ateak zabalduko dizkie “Antzerki Garaia” programazioari. Egitarau hau Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerki Sarearen lankidetzarekin. Emanaldi guztiak 20:30etan izango dira.

Antzerki garaia programazioak 1995eko lehen hiruhilekoan eman zituen lehenengo urratsak; beraz, aurtengoa Goierriko antzerki-denboralditxoaren hogeita bederatzigarren ekitaldia da. Aurtengo denboraldia ere maila altuko antzerki eta obrez osatu da. Urtetik urtera abonatuen kopuruak gora egiten du eta jasotzen den erantzuna ikusita, Udalen arteko lankidetzak aurrera egiteko asmo irmoa du. Beti ere, euskal antzerki eta bertako lanen mesedetan. Udalen arteko lankidetza honi esker, euskarazko antzerki eskaintzatik 6 obrako lagin bat aurkezten da, baita gaztelerazko pare bat ere.

Programazioa

Beasaingo Usurbe Antzokian zabalduko da 2023ko “Antzerki garaia” programazioa. Lehen emanaldian, urtarrilaren 13an, Txalo produkzioak konpainiaren eskutik “Sagastitarrak” obra izango da ikusgai. Urtarrilaren 20an berriz, “La casa de papel” telesailaren arrakastaren ondotik, Itziar Ituño eta Ramon Agirre etorriko dira Ordiziara, “Hobe ixilik” antzezlanarekin. Otsailaren 17an “Ez naiz inoiz Dublinen izan” lanarekin etorriko dira Usurbera Aitziber Garmendia goierritarra eta beste zenbait aktore, Tentazioa konpainiaren eskutik. Hurrengo astean berriz, Ados Teatroak konpainiak “Muchos amigos negros” antzeztuko du Herri Antzokian. Martxoko lanak honakoak izango dira: 17an Ordizian Hika Teatroak “Toto” aurkeztuko du eta 24an Beasainen “Cabezas de cartel” Perigallo teatroak. Apirilean eta aurtengo antzerki garaiaren zikloa itxiz, 14an Beasainen “Yerma” lana izango da “La dramática errante”k aurkeztuta eta 21an Vaiven produkzioak-en urteurrenean, “Familia Sarekada” lana ekarriko dute Ordiziara.

Sarrerak eta abonuak

Egitaraua Ordiziako  eta Beasaingo etxeetan banatuko da. Emanaldi bakoitzerako sarrerak 12 euroan izango dira. Ziklo osorako abonua ere lortu daiteke, 72 eurotan.  Sarrerak, emanaldia egin behar den antzokiaren leihatilan lortu ahal izango dira, baita Kutxabank sarrerak zerbitzuen bidez.

Badago baita talde-sarrerak eskuratzeko aukera eta horrela 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek, sarrera-prezio berezia izango dute: 10€ sarrerako.  Taldeko sarrerak lortzeko, dagokion Udaleko Kultura Sailean aldez aurretik jakinarazi beharko da.