Liburu Txiki Cook, irakurzaletasuna eta gastronomia uztartuz
Ordiziako Udalak ekimen berri bat jarriko du martxan, Liburu Txiki Cook ekimena. “Arrakasta handia du Ordizian “Liburu baby kluba” saioak, non haur txikienak irakurzaletasunera gerturatzen diren, euskaraz, erderaz eta ingelesez liburuak irakurriz. Orain aurkezten ari garen ekimen hau egitasmo horren luzapena da, irakurzaletasuna txikitatik sustatzeko eta auzoei bizitza emateko”, azaldu du Ainhoa Jimenez, hezkuntza zinegotziak.
Proposamen honen helburua Ordiziako elkarte gastronomikoetan jarduera garatzea da, irakurzaletasuna, gastronomia, bizikidetza eta kultura espazio bakar batean uztartuz. Hala, herritarrak tokiko kulturaren parte diren elkarte gastronomikoez gozatzeko aukera izango dute. Liburu Txiki Cook-ek euskal kultura eta munduko kultura ezberdinak sustatzen ditu, eta hau ere aipaturiko hiru hizkuntzetan garatzen da.
Hala, azaroaren 15ean Altamirako Altarte elkartean eta abenduaren 13an Buztuntzako Argiberri elkartean martxan jarriko da egitasmo hau. 3-5 urteko haurrei zuzenduta dago eta izen ematea liburutegian egin daiteke, eta saio bakoitzeko 20 haurrentzako aforo maximoa izango du. Saio bakoitzak ordubeteko iraupena izango du, eta 5 zatitan banatuta egongo da:
- Ongietorria: elkarte gastronomikoari ongietorria emango zaio ea jardueraren nondik norakoak azalduko dira labur-labur.
- Bigarren zatia: ongi etorri kantak eta errimak, eta gastronomiarekin lotutako haur literaturako lehen liburuaren irakurketa egingo da.
- Hirugarren zatia: zerbait osasungarria, erraza eta azkar prestatzen dena egingo da; adibidez, fruta entsalada bat. Hala, familiak elikadura osasungarria hartzera motibatuko da.
- Laugarren zatia: askaria eta bizikidetza. Atal honetan, familiek elkarrekin bizitzeko espazio bat sortu nahi da, elkarte gastronomikoen tradizioa esperimentatuz.
- Bosgarren zatia (agurra): abestiak eta agur-errimak abesten dira, haurrek jarduera amaierara iritsi dela identifikatzeko.
“Ordiziako familientzako ekimen interesgarria dela iruditzen zaigu, eta bertan parte hartzeko deia egiten zaizue”, gehitu du zinegotziak.