Antzerkia oro har eta euskaraz egindakoa bereziki bultzatzen jarraitzea du helburu Beasaingo eta Ordiziako Udalen arteko elkarlanari esker XXXgarrenez antolatu den “Antzerki Garaia” egitarauak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin antzerkia hedatu eta ikusleak erakartzeko denboraldi honetarako egitarau erakargarria antolatu dute bi udaletako kultura sailek.

Beasaingo udaletxean egindako aurkezpenean, bi udaletako ordezkariak izan dira edizio berri honen xehetasunak azaltzen. Lankidetza honen helburuak aurreko ekitaldietako berberak izaten jarraitzen dute: batetik, antzerki errepresentaziotara joateko ohitura sustatzea; eta bestetik, publiko berria erakartzea, gazteak batik bat. Lan horri ekiteko ezinbestekoa gertatu da borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea.

Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kontutan hartutako irizpideak kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan dira.

Sarrerak eta abonuak

Aurtengo edizioari dagokionez 8 antzezlanek osatzen dute egitaraua. Horietatik bi izango dira soilik gaztelaniaz eta bat elebitan. Sarrerak 12 euroan izango dira salgai emanaldi bakoitzeko eta denboraldi osorako abonuaren salneurria 72 eurokoa izango da. Hau erosteko epea urtarrilaren 9a arte egongo da zabalik.

Abonuarekin, egitarauko emanaldi guztietara sartzeko aukera izango da Ordizian edo Beasainen izan. Edozein aldaketari buruzko informazioa jasoko dute, baita urtean zehar beste obra batzuen programazioari buruzkoa. Gainera, antzezlan guztietarako udalerri bakoitzeko antzokian esleitutako eserlekua mantenduko da.

Salmenta lekuak, Ordizian Herri Antzokiko leihatilan astearte eta ostegunetan 11:30-14:00 eta asteartean 18:00-19:15, eta Beasainen Usurbe antzokia izango dira. 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek prezio berezia izango dute, 10 euro, eta dagokion udaleko kultura sailean eskuratu beharko dituzte.

Programazioa

Ordiziako Herri Antzokian zabalduko da esan bezala 2024ko “Antzerki garaia”ren egitaraua. Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira.

Urtarrilak 12: “Obsoletus” (euskaraz) Herri Antzokian (Ordizia). Zuzendaria: Pako Revueltas. Antzezleak: Aiora Sedano, Juanjo Otero, Aitor Fernandino.

Urtarrilak 19: “Baginaren bakarrizketak” (euskaraz) Usurbe antzokian (Beasain). Zuzendaria: Begoña Bilbao. Antzezleak: Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia, Intza Alkain.

Otsailak 9: “Almazenean” (euskaraz) Herri antzokia (Ordizia). Zuzendaria: Begoña Bilbao. Antzezleak: Zuhaitz Gurrutxaga, Iker Galartza.

Otsailak 16: “Búho” (gaztelania) Usurbe antzokia (Beasain). Zuzendaria: Diego Lorca, Pako Merino. Antzezleak: Diego Lorca, Pako Merino. 

Martxoak 1: “Posdatarik gabeko gutunak” (euskaraz) Herri antzokia (Ordizia). Zuzendaria: Getari Etxegarai. Antzezleak: Kepa Errasti, Nerea Ariznabarreta.

Martxoak 15: “Esnearen kolorekoa” (euskaraz) Usurbe antzokia (Beasain). Zuzendaria: Fernando Bernués. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares, Jose Ramón Soroiz.

Apirilak 5: “Sexpiertos” (gazteleraz) Herri antzokia (Ordizia). Zuzendaria:Mireia Gabilondo. Antzezleak: Telmo Irureta, Miren Arrieta.

Apirilak 12: “La sed del minotauro” (elebiduna) Usurbe antzokia (Beasain). Zuzendaria: Alex Gerediaga. Antzezleak: Jon Ander Urresti, Ainhoa Artetxe, Miren Gaztañaga/Leire Ucha, Arrate Etxeberria, Txubio Fdez. De Jáuregui.

Antzerki garaiaren esku-egitaraua Beasain eta Ordiziako etxeetan banatuko da eta bi antzokietan ere eskuratu daiteke.