"BAZEN BEHIN UHARTE BAT" DOKUMENTALAREN EMANALDIA
Ekozinemaldia jaialdiren 7. edizioaren baitan estreinaldi arrakastatsua izan zuen Tolosan
Atera Films ekoiztetxeak "Bazen behin uharte bat" dokumentalaren emanaldia antolatu du asteazken honetarako, martxoaren 20rako. Herri Antzokian proiektatuko da gaueko 20:30etan. Jatorrizko bertsioan izango da, ingelesez eta takuu hizkuntzaz, baina euskarazko azpitituluak izango ditu.
Dokumentalak klima aldaketaren giza aurpegia erakusten du; klima aldaketa giza ikuspegitik jorratzen du. Horretarako Takuuren errealitatea, Pazifikoko hego ekialdeko uharte txiki bat, egoera islatzen du. Itsasoaren mailaren igoerak etxeak urpetu eta hondarra jaten duen bitartean, kulturalki bakana den komunitate honen bizitzari gogor eragiten diote klima aldaketaren ondorio suntsitzaileek. Zenbat denboraz bizi ahal izango dira uhartean? Ze aukera dute itsasoaren igoera geldiarazteko, gobernuaren baliabiderik eta inolako informazio ofizialik gabe?
Biztanleria izuak jota dagoela, atzerriko bi zientzialarik, John Hunter ozeanografoak eta Scott Smithers geomorfologoak, uhartera bidaia egin dute komunitatea mehatxupean duten benetako arriskuak aztertzeko asmoz. Bien bitartean, komunitateko hiru pertsonaiak, Telo, Endar eta Satty-k, beraien bizitzetan eta kulturan barneratzen utziko digute, eta aldi berean, lehen eskutik erakutsiko digute mundu mailako ingurumen krisiak gizakiengan duen eragina.
Dokumentalak, cinema verité adibide bikaina, intimitate handiko behaketa eszenak lortzen ditu, non protagonistek honakoak aitortzen dizkiguten: beren beldurrak, barne gatazkak, bi aukeraren aurrean egiten duten bidaia pertsonala, alegia, uhartea utzi eta Bougainvillen –kontinentean– etorkizun ezezagun baten alde apustu egin ala Takuun geratu eta bide desberdin baina bestea bezain ezezagun edo are ezezagunagoaren alde egin.
Klima aldaketa kontzeptuak abstraktu izateari uzten dio bere izaera suntsitzailea agerian uzteko, ez soilik lurralde geografikoan duen eragin zuzenagatik, bertan bizi diren pertsonengan eta horien identitearengan duen eraginagatik baizik.