cartel A4Apirilaren 3an Artzain Eguna ospatuko du Ordiziak

• 2.000 ardik baino gehiagok zeharkatuko dute herria
• Ana Larrañaga, Fitur Nazioarteko Turismo Azokako zuzendariak moztuko du gazta eta Nestor Basterretxea artista omendua izango da
• Erregulartasun-kalitate sariak Joseba Intsausti (Ordizia, Gipuzkoa) eta SAT Gorramendi Gaztandegiak (Arizkun, Nafarroa) jasoko dituzte

Ordizian 2013ko feri berezien egutegiari hasiera emango dion Artzain Eguna ospatuko da apirilaren 3an Ordizian. Artzainak eta gazta dira protagonista goiz horretan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Ana Larrañaga, Fitur Nazioarteko Turismo Azokako zuzendariaren eskutik.



Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: Enirio-Aralarko Mankomunitatea, Mendiko Artzaintza Lan Taldea, Artzain Gazta, ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.

Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.

Aharien erakus- lehiaketa
Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.
Bi motako animaliak izango dira lehiaketa-erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.
Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.

Latxaren lehiaketa morfologikoa izango da. Baina, animali horien arraza estandarrean oinarrituko dira epaileak ardi latxaren hautapen-eskeman sartu gabeko animaliak puntuatzean. Era berean, hautapen-eskemako animalietan, genealogia-balioak izango du lehentasuna (gurasoak, kumeak), morfologiaren gainetik.

Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mamie dastaketa eta ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

Transhumantzia birgogoratuz
Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 2.000 ardi baino gehiago. Era horretan, gaur egun, garraioak ematen dituen aukerei esker ahaztua dugun pasadizoa bizi ahal izango dugu.

Ana Larrañaga eta Nestor Basterretxea
11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan, Ana Larrañagak Idiazabal gazta gaztea ebakiko du. Baina, aldez aurretik, Nestor Basterretxea artistari omenaldia egingo zaio artzain mundua gizarteratzen egin duen lanagatik, horren erakusgarri ditugu Oñati eta Renon Euskal artzainaren omenez eginiko eskulturak. Baita, gaztaren erregulartasun-kalitate sariak banatuko zaizkie Ordiziako Joseba Intsausti artzainari eta Arizkungo (Nafarroa) SAT Gorramendi gaztandegiari ere.

Ohitura den moduan, goiz guztian zehar Garagartza Plazan 40 arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.

Bisitariek Idiazabal Pakete Gastronomikoaz gozatzeko aukera izango dute, non herriko 5 jatetxek "Idiazabal Menu" paregabe bat + D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia Zentrorako sarrera bat eskainiko duten, guztia 23€tan.

Artzain eguneko programari D´elikatuz Zentroan emango zaio amaiera, arratsaldeko 18:00tan Arabar Errioxako ardoak eta Getaria, Bizkaia eta Arabako Jatorri Izendapeneko txakolinen dastatze gidatuarekin. Guzti hauek Idiazabal Gazta izango dute lagun. Izen ematea ezinbestekoa izango da.

EGITARAUA

9:00- Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.
Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.
11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.
11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan. Ana Larrañaga, FITUR NazioartekoTurismo Azokako zuzendariak ebakiko du gazta berria.
Aldez aurretik, Nestor Basterretxea artista omenduko da, eta gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak emango dira.
11:30- Gazta egitea, Garagartza plazan. Mamie dastaketa
11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.
13:00- Lehiaketen garaikur-banaketa, Garagartza Plazan.
18:00- Arabar Errioxako ardoak eta Getaria, Bizkaia eta Arabako Jatorri Izendapeneko txakolinen dastatze gidatua Idiazabal Gaztaz lagunduta. Hazi Fundazioaren eskutik Mikel Garaizabal enologo eta sommelierrak gidatua. Izen ematea ezinbestekoa da D´elikatuzen edo 943882290 telefonoan. Plaza mugatuak.
***Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.