ADUR EZENARRO AGIRREK IRABAZI DU VICTOR MENDIZABAL II. BEKA
Gizarte zientzien, natur zientzien eta humanitateen arloko ikerketa bultzatzea du helburu bekak
'Domingo Unanue (1901-1985) arkitektoa" da Adur Ezenarro Agirrek (Ordizia, 1977), arkitektoak, aurkeztutako lanaren izenburua, eta Victor Mendizabal II. Ikerketa Beka burutzeko aukeratua izan den lana. Ikertzaileak lana burutzeko urtebeteko epea eta 7.000 euroko laguntza izango du. Lan bakarra aurkeztu da Ordiziako Udalaren Kultura Sailak antolatu duen bigarren deialdi honetan.
Gizarte zientzien, natur zientzien eta humanitateen arloko ikerketa bultzatzea da bekaren xedea, Ordizia eta ordiziarrak erreferente izanda, irabazi duen lanak deskribatzen duen moduan. Belen Maiza Ordiziako Kultura zinegotziak, Nekane Balluerka EHUko katedradunak, Jesus Mari Gaztañaga Mondragon Unibertsitateko Goierriko campuseko arduradunak, eta Patxi Garmendia historiagile eta irakasleak osatutako epaimahaiak, deialdiko oinarrietan zehaztutakoaren arabera, kalitate zientifikoa, originaltasuna eta egilearen ikerketarako gaitasuna baloratu dituzte, eta deialdiaren helburuak lortzeko zein ekarpen egiten duen.
Adur Ezenarro Agirre helburu nagusia eta proposatzen duen ikerketa gaia Domingo Unanue Saez de Asteasu (1901-1985) arkitekto ordiziarra eta bere lana dira. Ikerketa proiektuaren helburua aipatu arkitektoaren lana katalogatzea litzateke lehendabizi, gaurdaino ez baita horrelako lanik egin. Ordizian bertan berak egindako hainbat lan ezagutzen baditugu ere, makina bat eraikin daude bere sinadura daramatenak, nahiz eta denboraren poderioz egilea nor den ahaztu den. Behin bere lana kokatuta, bigarren pausoa obra horren aztertzea litzateke, azterketa honetatik eratorriko baita arkitektura modernoaren bilakaeran Domingo Unanuek izan duen benetako garrantzia. Zentzu honetan bere lehendabiziko obrari dagokion merezimendua aldarrikatu nahi da, batez ere, 1928an eraiki zen Herri Antzokia, jatorriz Etxezarreta zine-antzokia (proiektua 1927koa da) mugimendu modernoaren maisulana baita, orain arte egin diren garaiko analisi eta azterketa gehienetatik at geratu bada ere.
Domingo Unanue Saez de Asteasu Ordizian jaio zen 1901eko abuztuaren 4ean eta bertan, San Jose egoitzan hil zen 1985eko urriaren 4an. Madrilen egin zituen arkitektura ikasketak, Pedro Muguruzaren ikasle izan zelarik eta bosgarren mailan proiektuan egindako lanagatik Pariseko Nazioarteko Erakusketara joateko ordezkari aukeratu zuten; bertan garaiko arkitekto entzutetsuenak izan ziren eta mundu mailako abangoardia bildu zuen ekitaldia izan zen. 1926an titulua eskuratu zuen eta praktikak egin zituen Modesto Lopez Otero eta Pedro Muguruza Otañorekin. Gipuzkoara itzultzean Donostiako arkitekto batekin hasi zen lanean, Domingo Agirrebengoa Usabiagarekin. 1928an bere lan guztien artean gailentzen den garaikurra eraiki zuen, Echezarreta zine antzokia, gaur egun Herri Antzokia bezala ezagutzen duguna.
1930ean Natividad Aizpururekin ezkondu zen, Santa Maria kaleko Barretxe etxeko alaba zena eta bertan bizi izan zen ondoren. Alaba bakarra izan zuten baina hil egin zen. Ez zuen oinordekorik izan eta bere ondasunak Ordiziako herriari laga zizkion hil baino hilabete batzuk lehenago, jasotako ondasunen balioari erreparatuz gero, udalari salneurri sinboliko batean saldu zizkiola esan baikenezake.
Ikerketa lana euskaraz egingo da eta bi fase izango ditu: lehena Domingo Unanueren lanaren katalogazioa eta bigarrena obraren azterketa zehatza, batez ere Herri Antzokiaren azterketa xehatua eta baita obrarik garrantzitsuenena ere.