Image
Image
Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua Ordiziara iritsiko da ostegun honetan

Ordiziako Herri Antzokiak euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria hartuko du ostegun honetan, martxoaren 12an. Laburbira ekimenaren baitan, aurten Euskal Herrian ekoitzitako hainbat film labur ikusteko aukera izango da, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan. Saioa 18:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.

Emanaldia Hitzaro Euskara Elkarteak antolatu du, eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak sustatutako Laburbira zirkuituaren XXIII. edizioaren parte da. Zirkuitu honek euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak herriz herri zabaltzea du helburu, euskal zinemagintzari ikusgarritasuna emanez eta publikoari formatu laburreko lanak ezagutzeko aukera eskainiz.

Aurten Ordizian proiektatuko diren lanek askotariko gaiak jorratzen dituzte, besteak beste kontrabandoa, minbizia, iruzurra edo arrakala digitala bezalako gaiak. Horien artean animaziozko lan bat ere izango da: Fishy, arrain baten bila itsasoan murgiltzen den katu baten istorioa kontatzen duen film laburra.

Laburbira zirkuitua azken urteotan euskal zinemagintzaren erakusleiho garrantzitsu bihurtu da. Ekimenaren bidez, zine jaialdietan sarituak izan diren edo bertan aurkeztu diren hainbat lan herriz herri ikusteko aukera izaten da.

Proiektatuko diren filmak:

  • Olentzerori eskatu nion — Amaia San Sebastian
  • Erreka zoko hortan — Ekaitz Bertiz
  • Fishy — June Asuar
  • A-Maniki — Elixabet Nuñez
  • Geratzen den hori — Aitor Gametxor
  • Orain zer? — Ainhoa Urgoitia
  • Hotzikara — Ane Cuesta

Guztira, emanaldiko filmek 80 minutuko iraupena izango dute.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza