PRESOEN ESKUBIDEEN ALDEKO ELKARRETARATZEA OSTIRALEAN
Uztaileko osoko bilkuran onartu bezala, Ordiziako Udalari dagokio deialdia egitea; ostiral honetan, hilak 25, Plaza Nagusian izango da, 20:00etan.
Hileroko azken ostiralarekin bat eginez, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo da urriaren 25an, 20:00etan, Plaza Nagusian. Ordiziako Udalbatzak uztaileko osoko bilkuran onartu bezala, udalak berak hartu zuen urriko kontzentrazioa deitzeko eta herritarrei jakinarazteko konpromisoa.
Uztaileko bilkura hartan, Bilduk aurkeztutako Giza Eskubideak, Irtenbidea, Bakea, Euskal Presoak Euskal Herrira izeneko mozioa aztertu zen, eta aurrera atera zen Udal Gobernuko zazpi hautetsien aldeko botoekin eta oposizioko bi alderdietako ordezkarien abstentzioarekin. Kontzentraziorako deialdia egiteaz gain, euskal presoen eskubideen aldeko beste hainbat konpromiso ere hartu zituen Udalbatzak.
"Presoen sakabanaketa etetea, haien eskubideak betetzea, eta estatu espainiar eta frantziarra urratsak ematera bultzatu nahi ditu Udalbatzak", uztailean onartu zen mozioak jasotzen duenez.