MAJORIKO ZUZENDARI LANPOSTUAREN KONTRATAZIO PROZESUA MARTXAN JARRIKO DA
Erabakia Majoriko Administrazio Kontseiluan hartu zen asteazkenean
Igor Egunerek eta Eñaut Gereñuk prentsaurrekoa eskaini zuten atzo goizean kiroldegiko zuzendari lanpostuaren kontrataziorako prozesuaren nondik norakoak azaltzeko.
Igeriketa Lantzen enpresa hartzekodunen lehiaketan sartu zenetik, 2011ko uztailean, Udalak arazo askori egin behar izan dio aurre. Ordura arteko kudeaketa integrala alde batera uzteaz gain, urrian Eñaut Gereñu kontratatu zuen kiroldegiaren kontrol zuzena bermatuko zuen antolaketa eredu berri bat ezartzeko asmoarekin.
Hainbat erabaki politiko zein tekniko hartu dira. Eta, lehen aldiz, Majoriko sarrera eta gastuen errealitatea Udalaren eskura jarri da. Hori horrela, Udalak beharrezkoa ikusten du zerbitzuen eta kudeaketaren kontrol publikoa bermatzeko zuzendaria Udalaren menpe egongo den langilea izatea.Beraz, langile bat kontratatzeko erabakia hartu da.
LKS enpresarekin elkarlanean egingo da eta, administrazio kontseiluak onartuz gero, lau fasetan bereiziko da:
1.Lan postuaren eskaintzaren oinarriak zehaztu
2.Izena emateko epea zabaldu eta komunikabideetan deialdiaren berri eman
3.LKSk, Udaleko kontratazio mahaiaren onespenarekin, hautagaiei froga ezberdinak egin.
4.Kontratazio mahaiak hautagaien artean erabaki.
Behin aukeraketa eginda, transmisio epea egongo da. Egokia ikusten duen debora bitartean Eñautek hautatuarekin egingo du lan. Otsailaren amaierarako kontratazioa egina egotea espero du Udalak.