LUIZI BATEK OIANGU TXIKI BASERRIRA DOAN BIDEA MOZTU DU
Urteko lehen elurteak eragin nabarmenak izan ditu Goierrin
Astearte goizean egin zuen elur jasak eragindako elektrizitate poste baten erorketak argi gabe utzi zituen bailarako hainbat auzo. Ordiziak ere ez zion ihes egin egoerari. Arana kalea, besteak beste, argirik gabe izan zen eguerdira arte. San Jose egoitzako egoileei beren beregi ekarritako kanpin gasekin prestatu zitzaien bazkaria. Eta Alotza haur eskolak ateak itxi behar izan zituen egunerokotasunari ezin eutsiz. Elurteak, baina, izan ditu ondorioak hurrengo egunetan ere. Ordizian aspaldi gogoratzen den luizi handiena izan zen Oiangun asteazkenean. Okorro bidetik Lazkaomendira doan errepidetik Oiangu Txiki baserrira doan bidea lurrez eta zuhaitzez estalia geratu zen. Egunotan egin dituen euriteen ondorioz, bide garbiketa ez da aste bukaera arte egin ahal izango. Bien bitartean pasabidea egin da baserriraino.