1Ordiziako zaborren inguruan eginiko ikerketaren emaitzak eman dituzte ezagutzera

Maite Kintanilla Lete, Miren Intxausti Arregi, Nerea Kalderon Egia, Oihana Arratibel Elizegi, Josu Areizaga Iruretagoiena eta Uxue Urzelai Dorronsoro dira Sasiker taldea osatzen dutenak eta 2012an zaborren inguruko ikerketaren nondik norakoak azaltzeaz arduratu direnak.


Garbi utzi nahi izan dute hasieratik eginiko lana ez dela Udaletxea egiten ari den atez ateko kanpaina bultzatzeko iniziatiba, baizik eta Unibertsitateko lan baterako ikerketa antropologiko, sozial eta kulturala.

Gai orokor modura zaborra ezarri zuten; zaborraren pertzepzioa eta hau kudeatzeko ohiturak kulturalki eraikiak dauden frogatzea alegia. Helburu nagusi modura jendearen usteak eta ohiturak ulertu ahal izatea ezarri zuten. Baita, bide batez, etxe desberdinetan zaborraren kudeaketa eta proposamen berrien aurrean jendearen jarrera nolako zen ikustea ere.

Behin gaia eta helburuak definituta zituztenean eta ikerketarekin hasi baino lehen zer ikustea espero zuten, nola ikertuko zuten... moduko galderei erantzuna bilatu zieten. Espero zuten, esate baterako, zaborraren inguruko kontzeptu eta pertzepzio desberdinak topatzea sexuaren, adinaren eta elkarbizitza ereduen arabera; nahiz eta jakin pertsona orok dituela barneratuta zenbait arau minimo.

Ikertzeko metodologiari dagokionez, azaldu dute informazio kualitatiboa biltzeko eredu desberdinak dituzten 6 familiari elkarrizketa sakonak egin, behaketa parte-hartzailea eta herriko eragile desberdinen diskurtsoak ikusi zituztela. Alkatearena, oposizioko kidearena, Sasietako lehendakariarena edo ingurugiroko teknikariarena besteak beste.

Horretaz gain, zaborra eta hondakina desberdintzeko beharra sentitu zuten. Zaborrak ez dauka inolako balioa, ezin daiteke erabili produktu berriak sortzeko eta orokorki hondakin solidoak izaten dira. Bestalde, hondakinei beste erabilera bat eman ahal zaie, lehengai garrantzitsua izatera pasa daiteke beraz. Eta hondakina izango da jabeak horrela erabaki duelako.

Ikerketaren emaitzetan zentratuta, hainbat datu orokor eman dituzte hasieran. 2010ean EAEn 1.345.000 tona zabor produzitu ziren eta Gipuzkoan 2011an 287.000 tona. 2008tik zerbait jaitsi zen zabor kopurua 5. edukiontziaren erabileragatik eta atez atekoarengatik ziurrenik.

Ordiziari dagokionez, 24 inkesta pasa zituzten guztira. % 57ak zaborraren gaineko nahiko ardura azaldu zuen eta 24tik 22k birziklatzeko ohitura zuela baieztatu zuen. Horietatik 15ek dena birziklatzen dute eta 4k papera, plastikoa, beira eta organikoa. Gainontzekoek gutxiago.

Erosketak egiterako orduan zabor gutxiago sortzen duten produktuak hautatzen zituzten edo ez galderan, %25ak kasurik egiten ez diola erantzun zuen. Bestetik, herrian zaborraren inguruko tratamendua 24tik 8k bakarrik esan zuten ona zela. Baina gehiengoak erakutsi zuen aldiz planteamendu berrietara ohitzeko jarrera baikorra, gehienbat gazteen artean.

Elkarrizketetatik eta inkestetatik eratorritako datuak zeintzuk izan diren azaldu dute ondoren. Ingurumenarentzat onena zaborra murriztea, birziklapena eta erraustegia litzateke. Ama Lurraren egoera azken urteetako okerrena da eta zaborra lehenengo mailako arazo bilakatu da etxean. Egun produzitzen diren materialen %95ak petrolioa dauka, lehengai fosilak agortzen ari dira eta krisi ekologiko batean gaude murgilduta.

Gau egungo eredua lineala da; mugak ditu. Eredu zirkularra izango litzateke sistema alternatiboa. Lurra gutxiago esplotatuko genuke eta oreka bat lortuko litzateke Lurrari kentzen zaionaren eta honek sortzen duenaren artean.

Zaborraren kudeaketari dagokionez, erabiltzen den ereduak 5 edukiontzi dauzka. Ordizian gaika %40 birziklatzen da. Datu horiek aldatzeko proposamenetako bat atez ateko sistema ezartzea litzateke. Munduan zehar oso hedatua dagoen sistema da, herrietan ez ezik hiri handietan ere badago San Frantziskon eta Milanen besteak beste. Zaborra motaren arabera sailkatu eta ondoren etxeko atarian uzten dira. Egun bakoitzari zabor mota jakin bat dagokio. Sistema honen bidez birziklatze tasa %80-%90 inguru izango litzateke. Baina atez atekoa azken helburua lortzeko tresna bat besterik ez da: zero zabor.

Atez atekoaz gain erraustegia aipatu dute beste proposamen modura. Zabortegiak ordezkatuko lituzke eta zaborrak erre. Baina alderdi negatiboak badauzka baita ere. Erretako materialen keak kaltegarriak izan daitezke eta minbizia moduko gaitzak eragin.

Amaieran ateratako ondorio orokor batzuk eman dituzte ezagutzera. Elkarrizketetan hainbat zabor aipatu ez zirela ikusi dute, pilak, bonbilak... Hau da, zaborra usainarekin lotu ohi dela normalean. Baita birziklatzea beste batentzat egiten den zerbait delako pertzepzioa dutela herritarrek ere. Bestetik, jende gutxik dakiela behin etxetik kanpo dagoenean zer gertatzen den zaborrarekin.Eta azkenik, jendeak duen informazioa eza iritzi ezkorrak eraikitzea ahalbidetzen duela; iritzi subjektiboak gehienetan.

Giza ondorioei dagokienez, zaborraren kudeaketa emakumeak darama eremu pribatua. Aldiz publikoan gizonaren esku geratzen da gehienetan. Etxe batek kudeaketa modu bati erantzuten dio eta ondorioz, espazioaren antolaketa mota jakin bati.

Ondorio orokorretan zentratuz, zaborraren kontzeptualizazioaren inguruan aipatu dute bakoitzarentzat zaborra gauza bat dela. Eragina duela norberaren kulturak, bizimoduak edota ingurugiroak. Eta zaborra zerbaitez libratzea erabakitzen dugunean sortzen dela. Bestetik, orain arte existitu den zaborraren kudeaketaren eredua aldatzeko beldurra dagoela baieztatu dute. Informazio urria dago eta dagoena politikoen eskutik jasotzen da. Ideologia jakin batera lotzen da automatikoki jendeak jarrera ezkorra izan dezan eraginez.

Egoera aldatzeko hainbat proposamen posible planteatu dituzte azkenik. Horietako batzuk jendeak dituen ohiturak ezagutzea,formazio saio eskuragarriak eskaintzea espazioa eta metodologia beharretara egokituz edota eztabaida politikotik salto egin eta jendartera hurbiltzea.

Hemen argazkiak ikusgai: