ATEZ ATEKO BILKETAREN PARTE-HARTZE PROZESUA HASIKO DA
Hurrengo astean hasiko dira herritarrekin bilerak egiten
Igor Egunerek, alkateak, eta Azeari Andonegi, Sasietako Mankomunitateko presidenteak, prentsaurrekoa eskaini dute gaur arratsaldeko 17:00etan Ordizian hasiko den atez ateko bilketa sistemaren inguruko parte-hartze prozesuaren nondik norakoak ezagutzera emateko.
Egurenek eta Andonegik azaldu dutenez hondakinen %80 baino gehiago birziklatzea helburu hartuta eta orain artean ezagutzen diren sistemen artetik emaitzarik onenak ematen dituela iritzita, Ordizian ere, Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon bezala atez ateko sistema berria eta pertsonalizatua ezartzeko prozesuan, lehen urratsak ematen hasi dira.
Duela aste batzuk ezagutu zen SPORA enpresak egindako bideragarritasun azterketa eta bertan agertutako datuak aztertu ondoren, ekonomia, iraunkortasun eta ardura irizpideak lehenetsiz, sistema ezartzeko lehen urratsak ematen hasiak dira.
Azterketak garbi erakusten du herrian atez ateko bilketa ezarriz gero, sistema asko hobetuko dela. Batetik merkeagoa delako eta bestetik, gutxienera ere, %73 birziklatzea posible izango delako; egungo tasa 33 puntutan handituz.
Sasieta Mankomunitateak hainbat parte-hartze bilera burutuko ditu hondakinen bilketaren diseinua nolako izango den erabakitzeko. Helburu nagusia gaikako bilketa sistema jarri aurretik informazioa helaraztea da, baina era berean, hainbat gairen inguruan herritarren iritzi, ekarpen eta proposamenak jasotzea; hala nola, bilketaren ordutegia, zintzilikarioak ezarri edo ez...Zonaldeka egingo diren bilera guztien ostean, bi batzar ireki egingo dira (bat euskaraz eta bestea gazteleraz) jasotako ekarpen guztiekin bilketa sistema definitiboa aurkezteko.
Alkateak, bere aldetik, herritarrei dei egin nahi die prozesuan inplikatu daitezen eta datozen egunetarako antolatu diren bileretan parte har dezaten; guztion parte hartze aktiboarekin lortu ahal izango baita bakarrik %80 baino gehiago birziklatzea.
Bileren egutegia: Egutegia