Goazen Ordizia, ordiziar guztientzat
Goazen Ordizia ekimena ostegunero ospatzen dugu Ordizian. “Proposamen honek ordiziarrak ibiltzera bultzatu nahi ditu, osasuna eta interakzio soziala sustatzeko diseinatu diren ibilbideak eginez”, azaldu du Ainhoa Jimenez, Ongizate zinegotziak. “Goazen Ordizia edozein ordiziarrentzako aproposa da, ez mugikortasun mugak izan ditzaketenentzako bakarrik. Sozializatzeko aukera paregabea eskaintzen du, eta herritarrak gonbidatzen ditugu ekimenean parte hartzen jarraitzera”.
Egutegian ostegunero ibilbideak egiten dira. Irteera 10:30ean izango da Plaza Nagusitik eta bukaera Zuhaizti Jubilatuen zentro sozialeko tabernan egiten da, doako mokadutxo batekin. Parte hartu nahi duenak 10:20etarako Udaletxeko aterpera ager daiteke, bertan izena eman eta ekimenean parte hartu.
“Ekimen hau aberatsa da oso. Osasuna hobetzea, aktiboago sentitzea, Ordizia eta bere inguruak ezagutzea, lagun berriak egitea edo beste pertsona batzuekin esperientzia partekatzea dira, besteak beste, lortu nahi diren helburuak. Ibiltzeak ez du ahalegin handia eskatzen, eta ohitura bezala hartzen bada, antolatzaileek dioten moduan osasunari mesede egiten dio: bihotza indartzen da, tentsio arteriala hobetzen da eta azukre eta kolesterol mailak jaisten dira.
Nahi edo beharraren araberako ibilbideak egiten dira ostegunero.